Ateak berriz irekita, Konstituzionalari esker
Kataluniako Parlamentuak pasa den astean onartutako prozesu konstituziogilearen oinarriak baliogabetu zituen atzo Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Sorpresa handirik ez, beraz, Madrildik, nahiz eta oraindik airean gelditu Carme Forcadell Parlament-eko presidentea auzipetzeko aukera. Haren bertsioa entzun eta gero, hogei egunetan erabakiko du auzitegiak bide penala estreinatzen duen edo ez Forcadellen kontra. Erabakia dena delakoa izanda ere, irtenbide oso zaileko kale estuan sartu ditu Madrilgo Gobernuak Konstituzionaleko epaileak. Ikusteko dago kale itsua den edo ez.
Izan ere, Kataluniako Parlamentuak auzitegiaren oharpena desobedituz onartu zituen pasa den astean prozesu konstituziogileari buruzko batzordearen ondorioak. Desobedientzia esplizitua gaztigurik gabe uztea litzateke, beraz, Parlamenteko bozketaren kontra neurri zehatzik ez hartzea; Estatuko legeak Katalunian gero eta balio gutxiago duela onartzea, gutxi gorabehera. Era berean, Forcadellen gaitasungabetzeak itzulerarik gabeko mugarria suposatuko luke, atzo bertan Junts pel Si-k eta CUPek argi utzi zuten bezala. Erdibidean kokatzen dira Forcadell eta Parlamenteko autoritateei ezarri ahal dizkieten isun ekonomikoak (3.000 eta 30.000 euro artekoak).
Horrelako isun bat benetako mugarri bihurtzea alderdi eta erakunde independentisten eskuetan dago. Zehatzago: haien arteko elkarlanaren eskuetan. Aurtengo aurrekontuen porrotak JxSiren eta CUPen arteko harremanak gogor astindu eta gero, Konstituzionalak atzo gogorarazi zien guztiei aurkari politiko nagusia, prozesu independentistaren auzian behintzat, Madrilen dagoela, eta ez Bartzelonan. Datorren hilabeteetan barne erronka ugari ditu independentismoak, tartean Diadako mobilizazioa, irailaren 28ko Puigdemonten konfiantza galdeketa –JxSik 2017ko aurrekontuekin lotu nahi duena, CUPen iritziaren kontra– eta bide-orriaren inguruko eztabaidak –alde bakarreko erreferenduma sartu edo ez–. Ona litzateke Konstituzionalak egun hauetan gogorarazitakoa berriz ez ahaztea.