Baso-suteak baliabide publikoekin eragozten dira

Aurtengo udan baso-suteak Iberiar penintsula kiskaltzen ari dira. 600.000 hektarea erre dira jada. Ekonomia eta ingurumen galerei giza bizitzaren galera konponezina gehitu behar zaie: zazpi pertsona hil dira sua itzaltzeko lanetan. Euskal Herrian, Izarbeibar eta Zarrakazteluko suak alde batera utzita, suteek apenas eragin duten euskal mendietan. Hala ere, horrek ez du esan nahi baso-masaren kontserbazio egoera egokiena denik horiek eragozteko.

Oro har, adostasuna dago klima aldaketak eta landa eremuak abandonatzeak baldintza egokiak sortzen dituztela sute suntsitzaileak gerta daitezen. Tenperatura altuek sugarrak errazten dituzte, eta basoaren kudeaketarik ezak, artzaintzarik gabe eta egur ateratzerik gabe, materia organiko ugari uzten du, eta sutea gertatuz gero, erregai bihurtzen da.

Adostasuna dagoen hirugarren elementua baliabide falta da, neurri handi batean Europak bultzatutako austeritate-politikak direla kausa. Prebentzioko bitartekoak murrizten den aurrekontuaren lehen kapituluetako bat izan ohi dira. Austeritatea kritikatuz, zergen jaitsierak kontu publikoetan duen eragin suntsitzailea ahazteko joera dago.

Euskal Herrian gehienbat mendien kudeaketan oinarritu da eztabaida. Ez dago adostasunik basoen gestioari buruz, batez ere tartean dauden interesengatik. Nolanahi ere, erakunde kontserbazionisten artean ere ez dago adostasun handirik. 

Epe laburrean nekez leheneratuko dira berotze globala eta landa ingurunearen abandonua; horregatik, mendien kudeaketa funtsezkoa izango da uda honetakoa bezalako hondamendiak saihesteko. Eta horrek, batik bat, zerbitzu publikoak indartzea esan nahi du; hau da, prebentzioa lehenestea, baliabideak esleitzea eta mendien kontserbazioan urte osoan lan egitea.

Search