Durango, huts egin ezineko topagunea
Durangoko Azokak gaur 49. aldiz itxiko ditu bere ateak, beste horrenbestetan zabaldu baititu. Urte horietan, idazleen, musikarien eta argitaletxeen topagune ez ezik, euskal herritarren kultur erreferentzia ere bilakatu da. Euskal kulturaren agerpen nagusia. Liburu eta disko berriak erakarrita, milaka lagunek egiten dute urtero Landako eta inguruetara, aspaldiko lagunak –batzuk Durangon bertan ezagututakoak– topatuko dituztela jakinda. Jendea izan da, urtero bezala, protagonista nagusia, eta harekin batera, aurten, Anuntxi Arana, Argizaiola saria jaso duena, eta Okzitania, herrialde gonbidatua, hala nola euria. Horrek, ordea, ez du inor kikildu, ez du galarazi zenbait momentutan Landakoko kaleak mukuru bete izana. Durangoko Azoka da, eskarmentua eta berritzeko grina, bertuteak eta hutsuneak dituena, baina herritik sortua eta herriak maite duena.
Izan ere, txaloak ez ezik, kritikak ere jaso izan ditu Azokak: kontsumora begirako agerraldia bihurtu dela, bere baitan hartzen duen kultur produkzioak euskarazkoa soilik edo euskal gaien gaineko gaztelaniazkoa ere izan behar ote duen... Eta seguruenik, kritika horiek badute izateko motiborik; badute, nonbait, arrazoi parte bat. Nolanahi ere, ukaezina da Durangoko Azoka hori baino askoz ere gehiago dela. Kritikak kritika, ez da meritu makala kulturaren inguruan, euskal kulturaren inguruan horrelako topagunea sortzea, herri honen sentipenak, kezkak, arazoak, aldarrikapen politiko eta sozialak biltzen dituena. Euskal herritarrak dira Durangoko Azokaren norabidearen egokia, bideragarritasuna eta osasuna neurtzeko termometrorik fidagarriena, Durangoren zentzua jendea da eta. Hori baino ez da Azokaren arrakastaren «sekretua», ageriko sekretua: herritarra izatea. Eta krisien –ekonomiko zein bestelakoen– eta zikoizkerien gainetik, hotzaren eta euriaren gainetik, jendeak hitz egin du berriro ere.
Merezimendu handikoa da Santa Maria elizako atarian hasi zen Liburu Azoka xume hura ia mende erdi geroago Euskal Herriko agerpen kultural nagusia, huts egin ezineko hitzordua, bihurtu izana.