Enpresen zuzendaritza, berdinatasun bidean

Urte berriarekin batera, Europako Batasuneko berdintasun araudi berria indarrean sartu da. Horren arabera, kotizatutako enpresen administrazio kontseiluetako postuen %40 gutxienez emakumeek bete behar dituzte. Bestalde, legea ez zaie aplikatuko 250 langile baino gutxiagoko enpresei. Azkenik, konpainiek oraindik urte eta erdi dute egokitzeko, 2026ko ekainera arte. Gogoan izan behar da legeria berria 2022ko azaroan adostu zela, hamar urte baino gehiagoko negoziazioen ondoren. Epeak ikusita, zalantzarik gabe enpresek, nahi izanez gero, egokitzeko tartea izan dute.

Burtsako enpresei buruzko ikerketa baten arabera, Ibex 35eko enpresetako lanpostu ez-exekutiboen %44,6 emakumeek betetzen dituzte. Oro har, emakumeen ordezkaritza legeak ezarritako helburuaren gainetik dago, baina kontuan hartu behar dira bi ñabardura. Lehenik eta behin, emakumeak zuzendari nagusi exekutiboen %3 baino ez dira; beraz, boterea handitu ahala, emakumeen ordezkaritza gutxitu egiten da eta kristalezko sabai argia agertzen da. Bigarrenik, enpresen araberako banaketa oso desberdina da. Kotizatutako euskal enpresek ez dute enpresa sare osoa ordezkatzen, baina bai konpainia boteretsuenak. Ibex 35eko bi euskal enpresek bete dituzte: BBVAk %40 eta Iberdrolak %42,9. Kotizatu diren gainerako euskal enpresetatik, Faes Forma-k baino ez du betetzen. CAF, Tubacex, Tubos Reunidos, Vidrala eta CIE Automotive enpresak, esaterako, hurbil daude: emakumeen ordezkaritzak %35etik gora markatzen dituzte; eta Iberpapel, Global Dominion Access, Gestamp edo Azkoyen enpresak, berriz, helburua betetzetik urrun daude oraindik. Patronalen erakundeetan aldaketa nabarmen bat gertatu da: egun emakumeak dira Confebask, Adegi eta Cebek-en buruak.

Aldaketak agerikoak dira, baina, datuak ikusita, zalantza dago enpresa munduko pentsamolde aldaketa bati erantzuten dioten edo, besterik gabe, araudia betetzera mugatzen diren erabakiak diren. Berdintasunaren aldeko benetako konpromiso bihurtzeko, ezinbestekoak dira feminismoaren lana eta presioa.

Search