Erantzukizun eskaerak bizirik dirau Zaldibarren

Pasatu den astean bete da Zaldibarko zabortegiaren kolapsoaren bosgarren urteurrena. Milaka tona hondakin irristatu ziren maldan behera, bi langile harrapatuz. Zabortegiaren erortzeak Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran lurperatu zituen, eta azken honen gorpua ez zen berreskuratu. Atzo Zaldibar Argituz elkarteak hildako langileak oroitzeko ekitaldi bat antolatu zuen. Ekimenak hildakoen senideak, lagunak eta auzokideak bildu zituen. Antolatzaileek luizi horren erantzukizunak argitzeko eskatu zuten.

Izan ere, bost urte geroago ezer gutxi aurreratu da Euskal Herrian gertatutako ingurumen hondamendi handienetako baten erantzukizunei buruz. Irekitako bi auzi judizialetatik bakarra ebatzi da akusatuen, fiskaltzaren eta familiaren arteko akordio baten bidez. Akordio horrek auzipetuak zuhurtziagabekeriazko hilketa larriagatik zigortu ditu. Ingurumen delituaren ikerketak irekita jarraitzen du. Bere garaian Durangoko epaitegiak errefortzuak eskatu zituen, baina ukatu egin zizkioten. Erantzukizun politikoei dagokienez, ez da ezer aurreratu. EAJk eta PSEk Gasteizko Legebiltzarrean ikerketa batzorde bat sortzea eragotzi zuten, eta inork ez du erantzukizun politikorik bere gain hartu. Delituak egon edo ez, erantzukizun politiko argiak daude. Esate baterako, Josu Jon Imazek 2000. urtean jarduera horien gaineko tutoretza lasaitzeko agindua sinatu zuen. Administrazioaren isiltasunaz abusatu zuen Ingurumeneko Sailak, eta irregulartasun ugari jasota daude zenbait dokumentu publikotan, besteak beste zabortegiaren gehiegizko ustiapena eta hondakin arriskutsuen tratamendu axolagabea, baina ez ziren neurriak hartu.  

Horrek guztiak adierazten du Administrazioak bazekiela gauzak ez zirela ondo egiten ari Zaldibarren, baina nahiago izan zuen beste alde batera begiratu. Arrazoia oso sinplea da: hondakinak mundu guztiak gainetik kendu nahi duen traba dira. Horregatik, norbaitek bere kudeaketaz arduratzea erabakitzen badu, bedeinkazio administratibo guztiak jasotzen ditu «arazoa» lurperatu dezan. Hondamendi bat gertatu arte funtzionatzen du horrek. Orduan arduragabekeria agerian geratzen da, eta norbaitek hartu beharko du erantzukizuna.

Search