Eskola Kirolaren helburua kiroltasunean heztea da

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) epaia eman du, 13 urtetik beherako haurrek kirol klubetan izena emateko beren ikastetxeetan eskola kirolik derrigor egin behar ez dezaten. Baldintza hori Gipuzkoan bakarrik zen nahitaezkoa, Eskola Kirola programaren barruan. Aldundiak dagoeneko iragarri du helegitea aurkeztuko duela, eta, beraz, epaia bertan behera geratuko da oraingoz. Goizane Alvarez diputatuak (PSE) defendatu zuenez, «Gipuzkoan kirol hastapenaren ereduak onura handiak ditu adingabeen garapenerako eta pertsonen prestakuntzarako». Alde horretatik, honakoa adierazi zuen: «Beti saiatuko gara haurrentzat hain kaltegarria den hastapen goiztiarra saihesten, eta ereduak ez dezala inor kanporatu, kirolen batean ona izateko trebetasunik ez duelako».

Hala ere, alabek saskibaloian bakarrik jokatu nahi zutelako salaketa jarri zuten guraso batzuei arrazoia eman die epaitegiak. Zenbait klubek ere kritikatu izan dute derrigortasuna, Araban eta Bizkaian aplikatzen ez dena. Kirolaren Euskal Legearen arabera, 6 eta 12 urte bitartean dauden umeen kasuan «jarduera fisiko ludikoa eta kirol anitzekoa bermatuko da», baina EAEANk iradokizun gisa ulertu du hori, ez betebehar gisa. Ondorioz, haurrek eta gurasoek lehiatzeko duten borondate partikularrak Eskola Kirola programaren hezkuntza helburu komunen gainetik dagoela erabaki du.

Ikastetxeen, udalen eta kluben elkarlanaren bidez, hezkuntza programa honen helburuak kirola sustatzea, kiroltasunaren balioetan heztea eta ikasleak klubekin lotzea dira. Gaizki ulertutako lehiakortasuna, kirolarekin zerikusi gutxi duten interesak eta hezkuntzaren eta bizitzaren ikuspegi klasista lehenesten dituzten ereduen aurrean, Eskola Kirolak lankidetza, diskriminaziorik eza eta gizarte kohesioa sustatzen ditu. Euren seme-alabak besteekin aritzeko «onegiak» direla pentsatzen duten gurasoek –eta horiek babesten dituzten epaileek– ez dute ulertzen «ona» balio bat dela. Eta nekez izango dela ezertan «onena» lagunekin edozertara ordu batzuez jolasteko kapaz ez den umea. Arazoa ez dira umeen apetak, ordea, helduen delirioak baizik, izan epaile edo guraso.

Search