Euskal eskola publikoa, lorpenak eta erronkak
Sortzen elkarteak Iruñeko Takoneratik Uhartera eraman zuen atzo euskal eskola publikoaren aldeko festa. Agertoki aldaketak, bilduriko jende kopuruari dagokionez, behinik behin, on egin dio ekitaldiari. «Uharte batean, itsaso zabalean» eta festa giroan, milaka lagunek ospatu zuten lorturikoa, lan handia eginik eta nahigabeak gainditurik lorturikoa, alegia. Baina oraindik euskal eskola publikoak aurrean dituen oztopoak ahantzi gabe; horregatik, lanean jarraitzeko grina erakusteko aukera ere izan zen Uharteko topaketa.
Oztopo horiek ez dira gutxi, eta Nafarroan, sinesten zaila bada ere, gehienak herrialdeko Administrazioak jarriak dira. Eraso nabarmenak diren oztopoak, hala nola IIP Ingelesa Ikasteko Programa –PAI delakoa– ezarri nahi izatea, kalitatezko hezkuntzaren izenean eredu propioa desagerrarazteko helburua duena. D ereduak, ordea, sobera ongi erakutsi du kalitatezko eredua dela, eta haren emaitzek nabarmen uzten dute behin eta berriro UPNren Gobernuak euskara museoan zokoratzeko obsesioa duela. Beraz, D ereduan IIP geldiarazi izana ospatzeko moduko lorpena da, euskarazko matrikulazioak gora egin izana bezala. Hala ere, esan bezala, eraso aunitz eta handiei aurre egiteko erronkak bere horretan dirau. Gogorarazi beharra dago Guardia Zibilaren txosten sonatua, frankismo garaiko euskal maisuen aurkako jazarpen ikaragarria gogorarazten duena, D ereduaren aurkako eraso nabarmen eta bortitza. Edo PPren Gobernuak indarrean ezarri nahi duen Lomce delakoa, euskararen eta hezkuntza demokratikoaren aurkako mehatxu argia. Eta, nola ez, Nafarroako Euskararen Foru Legea –Ley del Vascuence deitoragarria–, egiaz nafarren hizkuntza itotzeko asmoz ezarritako legea.
Bazuten, bai, zer ospatu atzo Uhartera bildutako milaka lagunek eta oro har nafarrek, auzolanak emaniko fruituak ikusirik, eta badute euskarazko eta kalitatezko eskola aurrera aterako dutela espero izateko motiborik, gogotik lan egin beharko dutela jakinik. Haur nafar guztien, Euskal Herriko haur guztien eskubidea delako eta herritarrek, administrazioek ez bezala, euskarazko hezkuntzaren aldeko apustua egin dutelako.