Euskarak ezin du zerura begira egon

Atzo milaka euskal herritar elkartu ziren Senperen, Herri Urratsen. «Elgarrekin» lelopean, Seaskak jasaten duen «mespretxua» salatu eta gutxieneko postuak exijitu zituzten. Horrez gain, festarako tartea ere izan zen: kontzertuak, puzgarriak, bertsoak... Antolatzaileek astea «zeruari begira» eman badute ere, edizio honetan eguraldiarekin zori ona izan dute, eta aurreikusitako ekintza guztiak gauzatu dira.

Herri Urratseko koordinatzaile Koldo Rodriguezek berriki NAIZ Irratian adierazi zuen bezala, baina, horixe bera da arazoa: euskara, oro har, eta Seaska, zehazki, zeruaren edo zoriaren menpe dago. Estatu frantsesaren uniformetasun hertsia dela medio, euskarazko irakaskuntzak ez dauka beharrezkoa den estatus politiko eta juridikorik –gogora “Molac legea”–, ez eta baliabiderik ere, eta ikastolen komunitate zabalari eta halako ekimenei esker sostengatzen da. Horrek ez du esan nahi osasun txarrean denik. Bultzada horri esker, Seaskak gero eta ikasle gehiago ditu –4.200 ikasleko langa gainditu du–, eta Lanbide Heziketara zabaltzeko gogoeta prozesu betean dago. Alabaina, gaur egungo errealitate soziolinguistikoa eta joera demografikoak kontuan izanda, ez da aski. Datuak behatu besterik ez dago. Unescoren arabera, hizkuntza batek bizirik mantentzeko gutxienez biztanleen %30ek menperatu behar dute; Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan, baina, %20 baino ez dira hala egiteko gai. Hori kontuan izanik, Euskararen Erakunde Publikoak iaz prospektiba ariketa egin eta erronka zehatza pausatu zuen: 2050ean gutxiengo horretara heltzeko 44.000 euskal hiztun berri lortu behar dira.

Bide horretan, bistan da, zerua edo zoria baino oinarri sendoagoa beharko da. Euskarari dagokion estatusa eman eta gazte zein helduek berori ikasteko politikak biderkatu beharko dira: berme juridikoak eskaini, euskarazko irakaskuntzaren eskaintza orokortu, beharrezko irakasle, baliabide eta azpiegiturak ziurtatu... bide hori «elgarrekin» egingo bada, herritarrak ez ezik instituzioak ere engaiatu beharko dira. Datorren maiatzaren 23an, Baionan, hori aldarrikatzeko hitzordu garrantzitsua izango da.

Search