Ez dadila berriz errepikatu, ezta alferrik luzatu ere

Pedro Sanchezen Gobernuak eta EH Bilduk Donostiako Udalari La Cumbre jauregia lagatzeko Madrilen akordioa lortu zutenetik lau urte igaro direnean –Barne Ministerioaren jabetzakoa zen leku horretan eduki zituzten bahituta Joxean Lasa eta Joxi Zabala, hil eta Busoten (Alacant) lurperatu aurretik–, Udalak onartu du Espainiako Gobernuari formalki eskatzea jauregia bere esku utz dezala, «memoria demokratikoa berreskuratu, zaindu eta zabaltzeari lotutako proiektu bat garatzeko». Inori ez zaio oharkabean pasatzen eskaera berandu iritsi dela, Madrilgo Gobernua jardunean dagoenean eta hauteskunde kanpaina baten erdian. Jon Insausti alkateak diskrezioa eta lan handia argudiatu zituen luzamendua justifikatzeko, baina ez da sinesgarria. Koalizio subiranistak nahiz Estatuaren indarkeriaren biktimek behin eta berriz salatu dute atzerapen hori borondate faltarekin lotuta egon dela.

Kolektibo horretako kideak bigarren mailako biktimak balira bezala tratatu dituzte historikoki administrazioek. Senideen heriotzagatik, torturengatik edo bahiketengatik jasan duten inpunitate orokorrari erakundeen aldetik birbiktimizatzen duen tratu txarra gehitu zaio. Lehenik bertsio ofizial sinesgaitzak zabaldu zituzten, eta gero partzialtasun immorala etorri da. Pentsa, kontakizunaren bataila egin nahi zuten, hiri horretan bertan Intxaurrondoko kuartela zutik eta zabalik dagoenean. Ankerkeria hori bideratzeko saiakera apalak izan dira –ETAren biktima bakan batzuek ere salatu dute bereizkeria hori eta elkartasuna adierazi diete familia horiei–, baina polizia lobbyen presioak eta konplexu politikoek aurrerapausoak oso txikiak izatea eragin dute. Horrexegatik, La Cumbrekoa bezalako atzerapenek mesfidantza sortzen dute biktimen artean, agintariek hitza nola irensten duten ikustera ohituta baitaude.

Edonola ere, atzokoa berri ona da. Besteak beste, Egiari Zorrek, Aranzadik eta Lasa eta Zabala familiek egin duten lanari esker lortu da. Orain, aitzakiak albo batera utzita, aintzat har ditzatela eta bihur dezatela jauregi madarikatu hori «memoriarako, dibulgaziorako eta erreparazio emozionalerako gune». Berandu baino lehen. 

Search