Feminismoaren deiadarra entzuteko garaia da

Martxoaren 8ak aldarri feministez bete zituen atzo Euskal Herriko eta mundu osoko kaleak. Beste behin, Euskal Herriko Mugimendu Feministak milaka lagun batu zituen karriketan lema argi batekin: “Beste mundu bat feminismotik”. Begirada zabal batetik, mundua astintzen ari den joera inperialista eta erreakzionarioa borrokatzeko asmoz atera da kalera feminismoa. Aniztasuna eta ahizpatasuna oinarri hartuta, lan eta bizi duinak defendatu ditu; migranteen eskubideen alde oihukatu du; gauak eta kaleak denenak direla azpimarratu du; ultraeskuinaren erasoaldiari balio feminista eta internazionalistetatik erantzuteko beharra defendatu du.

Emakumeen Nazioarteko Eguna ahizpatasun erakustaldi garbia izan ohi da, eta hala izan zen atzokoan ere. Belaunaldiarteko borroka da feminismoarena, klaseari eta arrazari lotutako harresiak hautsi nahi dituena. Zatiketa saiakera ororen aurrean, bereak dituen printzipio askatzaileak plazara atera ditu. Trans pertsonen eskubideen aldeko borroka da, emakume migratuen eskubideen aldekoa eta zaintza lanetan dihardutenen aldekoa. Homofobiari aurre egiten dion mugimendua da. Palestinako herria sufritzen ari den genozidioa, gerra eta inperialismoa salatzen dituena. Sahararen borroka gogoan duena. Zapalkuntza orotatik aske izango den gizarte bat nahi duena. Bizitzak, bizitza duinak, erdigunean jarriko dituena.

Interpelazio zuzena egin zuen atzo feminismoak. Lozorrotik atera eta deseroso sentitzera bultzatu gaitu. Eta pribilegioen erosotasun horretan dauden gizonezkoei mezu zuzena bidali die. Biluztu ditu jarrera misoginoak, begirada matxistak eta mezu arrazistak. Beldurraren eta izu sexualaren diskurtsoaren aurrean, emakume boteretuak defendatu ditu. «Feminismoa denon kontua da», halaxe idatzi zuen bell hooksek. Bere hitzek ez dute zentzurik galdu, inspirazio iturri izaten jarraitzen dute. Pentsamendu feministak sortutako aberastasuna eta urteetan zehar elikatu duen olatu mobilizatzailea dira erasoaldi atzerakoi orori aurre egiteko formula. Esnatu eta deiadar horri erantzuteko unea da.

Search