Garaiak internazionalismo aktiboa eskatzen du
Global Sumud Flotillan parte hartu zuten lau euskal herritarrak astelehen gauean iritsi ziren Loiura, Israelek itsasoan bahitu eta deportatu eta gero. Armada sionistaren tratu txarrak gogor salatu arren, argi adierazi dute horren fokua ez dela jarri behar Flotillako partaideen patuan, baizik eta Gazako genozidioaren salaketan. Orriotan Itziar Morenok azaldu bezala, internazionalistei eman dieten tratuak ematen baitu, modu argigarrian, palestinarrei ematen dieten tratuaren neurria. Arreta kontsularra zain zuten herritar europarrekin horrela jokatu badute, zer ez dute egingo kartzeletan dauzkaten 10.800 palestinarrekin? Horietatik 3.629 epaiketa eta kargu zehatzik gabe daude gatibu. Duela bi urte atzoko egunez Hamasek bahitutako 251 israeldarrak gogora ekartzeko orduan, ahaztutako errealitate hau ere kontuan hartu behar da. Batzuen zein besteen etorkizuna mahai gainean dago Egiptoko negoziazioetan.
Ez du ezer asmatu Askatasunaren Flotillak, baina bere helburu nagusiak aise bete ditu. Kontzientziak astindu eta lehen lerrora ekarri du Gazako genozidioa. Beste dinamika batzuekin batera –kirol esparruan, besteak beste–, gatazka honen parte diren aktore politikoak mugitzera behartu ditu. Inork ez daki Egiptoko negoziazioak nola amaituko diren, zaila da baikorra izatea, baina nazioarteko mobilizazioak ekarri du eszenatoki aldaketa xume hau, hein handi batean.
Flotillako partaideak barregarri uzteko saiakera erridikuluak egin dituztenek diotenaren kontra, aktibistok ez ziren ontzietara loria pertsonal bila abiatu. Tokiaren eta tradizio politikoaren araberako ñabardurak dituen kultura militante batek bultzatuta itsasoratu ziren. Funtsean, herri baten aurkako injustiziak herri guztien kontrako injustiziak direla sinesten duen printzipio politiko bati jarraituz batu ziren martxara. Badugu, zorionez, horren berri Euskal Herrian, bai Flotillan parte hartu duten lau herritarren bidez, baita atzo, Korrikarekin batera 36 etorkini muga zeharkatzen laguntzeagatik, Baionan epaitutako zazpi lagunen bidez ere. Internazionalismo aktiboa baita, gaiztakeria globalen garaiotan, herrien elkartasunerako eta politikarako tresna baliotsuena.