Goiaren dimisioa, mesede eskasa demokraziari

Eneko Goia Donostiako alkateak kargua utziko duela iragarri zuen atzo. Albisteak ezustean harrapatu zuen jende gehiena, nahiz eta Gipuzkoako hiriburuan aspaldi ziurtzat jotzen zen Goiak ez zuela hautagai gisa errepikatuko. Dimisioa justifikatzeko arrazoi nagusia hamar urte aski direla izan zen, eta, bere ustez, karguan jarraitzea «betikotzea» litzatekeela. Urte horiek daramatza Juan Mari Aburtok Bilboko alkatetzan, baina ez dirudi dimititzeko asmoa duenik. Baliteke benetako arrazoia beste bat izatea: Goia da hiriburuetako alkateetatik balorazio txarrena jaso duena.

Hala balitz, erabakiaren bektorea alderdirantz biratuko litzateke. Litekeena da EAJk hauteskunde-kartela aldatzea erabaki izana, datozen udal-hauteskundeetan alderdiaren perspektiba hobetze aldera. Erabaki hori kontraesanean dago maiz errepikatzen den ideia batekin, instituzioetako kargudunek herritar guztiak ordezkatzen dituztela eta, beraz, haien karguak herritarrek esaten dutenaren menpe beharko lukeela eta ez alderdiak esaten duenaren zain. Ildo horretan, Goiak atzo esan zuen «beti» izan duela buruan hamar urteko epea. Pentsatzen zuena hori bada, harritzekoa da inoiz ezer esan ez izana; eta bereziki azken hauteskunde-kanpainan. Izan ere, horrek suposatzen zuen legealdiaren erdian kargua uztea eta hautesleek eskubidea zuten bozkatu aurretik hautagaiaren asmoak zein ziren jakiteko. Gardentasuna funtsezkoa da demokraziak behar bezala funtziona dezan. Puntu honen inguruan, alkatearen isiltasun horren atzean EAJ eta bere hauteskunde-kalkuluak daude. EAJk aukeratuko du alkate berria, eta ez herritarrek.

Legegintzaldi erdian, Hego Euskal Herriko hiriburuen erdiek lehen zinegotzia aldatu dute, baina aldaketak oso ezberdinak izan dira. Iruñean, Joseba Asiron zenbait alderdiren arteko akordioak jarri zuen alkatetzan, UPNk udalean zuen paralisia gainditzearren. Babes zabala eta programa bat zituen atzean Asironek. Donostian, ordea, ez dirudi hiri-proiektua aldatzeko asmorik dagoenik. Badirudi hauteskunde-helburuek bultzatutako aldaketa dela, eta, beraz, maniobra alderdikoia, botereari eusteko.

Search