Herritarrei kalitatezko osasun publikoa zor zaie

Osakidetzaren kudeaketaren salaketak ez dira berriak; hala ere, arazoak gero eta larriagoak dira. Horregatik, salaketak gero eta maizkoagoak dira. Etengabeko Arreta Guneen (EAG) egoera da kudeaketa kaskarraren ondorio nabarmenetako bat. Gune horiek ezinbestekoak ez diren larrialdiei erantzuteko zerbitzua dira, batez ere osasun zentroen ohiko ordutegitik kanpo eta jaiegunetan; besteak beste, ospitaleetako larrialdietako pilaketak saihesteko. EAGen murrizketen ondorioz, zerbitzuak okerrera egin du, kontuan izanda gune horietako asko itxi edo ordutegiak murrizteaz gainera, sarritan haietan ez dela medikurik egoten edo ordutegi murritz batean baino ez dela egoten. Horrek, herritarren osasunean ez ezik, ospitaleetako larrialdien egoeran ere eragina du, horietan pilatzen baitira arreta eskaerak, bertako plantillak handitu gabe.

Egoera hauxe iragarri zuen Osasun sailburuak 2022an, «erabilera eta ohitura aldaketa kulturala» aipatu zuenean. Berak horren ondorioak aipatu ez bazituen ere, gaur egun begien bistan daude. Osasun profesionalen eskasia argudiatzen dute, gabezia hori egun batetik bestera gertatu izan balitz bezala, baina ez dute kudeaketa kaskarra dela onartuko. Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek salatu dutenez, Osakidetzaren Zuzendaritzaren planifikazio eta aurreikuspenik ezaren ondorio da egoera. Sailburuaren alderdiak, ordea, «dena publiko egiteko» arriskuaz ohartarazten du, eta ez dirudi oso egokia, zerbitzu publikoak pribatuen mesedetan murrizten dituztenek esanda. Argi dago zerbitzu publikoak denon artean ordaindu beharra dagoela; hala egiten dute herritar gehienek dagozkien zergak ordainduta, baina ez dituzte jasotzen dagozkien zerbitzuak.

Bai, zerbitzu publikoek denon ekarpena behar dute –bide batez esanda, ekarpen hori egiteko moduak justuagoa behar  luke izan–, eta arazo bezala aurkezten dituztenei gogorarazi behar zaie osasun publikoaren egoera kaskarrak mesedetzen duen osasungintza pribatua ez dela doakoa, eta jende guztiak ezin duela ordaindu. Herritarrei kalitatezko zerbitzua zor zaie; aitzakiarik gabe ordaintzen duten zerbitzua, hain zuzen.

Search