Isekak eta baldarkeriak sintoma baino ez dira

Nafarroako Foruzaingoko komunikazio taldeak duela egun batzuk Behatokiaren mezuei emandako burlaizezko erantzunak errespetu falta nabarmena dira. Herritar baten kexaren berri ematen zion mezuari hau erantzun zion espainieraz: «Ulertezina da nola ez diren Nafarroako bi hizkuntza ofizialak erabiltzen». Ulertezina da, izan ere, Foruzaingoak mezu horri euskaraz ezin erantzutea, edo erantzun nahi ez izatea. 
    
Nolanahi ere, Foruzaingoak bere betebeharrak gogorarazten zizkion mezuari, berriz erdara hutsean, «Nondik zatoz? Mendira noa... Artxibatu egingo dugu» erantzuteak ondo laburbiltzen du instituzioen jarrera. Halako lotsagabekeriak ohikoak dira, oso ohikoak polizia taldeetan, baina onartezinak izanagatik, ez dira funtsezko arazoa, haren sintoma baizik; hau da, gaitzaren agerpena. Ez da harritzekoa zerbitzari publiko horiek horren baldar jokatzea, beren arduradun politikoek herritarrei zor dieten errespetu falta berdintsua agertzen dutenean. Atzo bertan jakin zen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak 97/2024 foru dekretuko bi artikulu baliogabetu dituela –Osasunbideko oposizio lehiaketetan eta lekualdatze prozesuetan hautagaien merezimenduak arautzen dituzten artikuluak–, atzerriko hizkuntzak euskararen gainetik baloratzeko aukera ematen dutelako. Beraz, gobernu batek bere lurraldeko hizkuntzari horrelako mespretxua erakusten badio, aiseago ulertzen da haren ardurapeko erakunde bateko langile publikoen errespeturik eza. Sindikatuek foru dekretu berria eskatu dute, arrazoi osoz, baliogabetutako artikuluak ez baitira euskarari mugak jartzen dizkioten bakarrak. 

Instituzioen funtzioak noizik behin mezu ondo apainduak irakurtzea baino zerbait gehiago behar du izan, eta garaia da behingoz denen eskubideak babestuko dituzten politika eraginkorrak abiatzeko. Joan den astean Batuz Aldatu ekimenak itun soziopolitiko berri baterako proposamena aurkeztu zuen, euskararen lurralde guztietan berdintasunezko ofizialtasun estatusa ezartze aldera. Gizarte osoaren ardura da, jakina, baina jendartearen eskubideak bermatuko dituzten politika ausartak egitekoa Administrazioena da.

Search