Itzuliko dela badakigu, egoki prestatzea dagokigu
18/05/2020

Koronabirusa jada mundu osora zabaldu denean, zaila da aurkitzea gaitzak dakarren erronkari hasiera-hasieratik modu egokian eta batere okerrik gabe erantzun dion gobernurik. Badira haren eragina geldiarazten arrakasta izan dutenak, eta baldarkeriaz betetako testuinguruan askoz finago aritu direnak, baina, oro har, inork ezin izan du ekidin gaixotasuna bortizki sartzea. Gurean ere, hilabete hauetan izandako bilakaerak agerian utzi ditu aurreko urteetan egindako kudeaketa kaskarra, osasun-sistemaren baliabideak murriztu dituena, eta krisialdi honetan egindako akatsak. Baina, hau horrela izanda, birusaren erasoa bortitza ez ezik, azkarra ere izan da, eta aitzakia gisa balio ez duen arren, egia da egoerari aurre egitea ez dela erraza izan. Alde horretatik, akatsak baino salagarriagoak dira erakutsitako gardentasun falta, zurruntasuna eta alderdikeria.


Esan bezala, ia ustekabean sartu zitzaigun etxera covid-19a. Baina, urte hasieran gertatu ez bezala, orain badakigu litekeena dela datozen hilabeteetan beste eraso bat, edo batzuk, pairatzea. Gaurko egunkarian, hurrengo bi urteetan izan litezkeen agertokien informazioa dakargu; balizko agertoki bakoitzak ezaugarri bereziak ditu; batzuek arriskutsuagoak ematen dute, beste batzuek samurragoak, baina ikerketen egileek nabarmentzen dutenez, pandemiaren olatu berriek izan dezaketen eragina guk hemendik aurrera egiten dugunaren araberakoa izango da. Alde horretatik, ospitale eta osasun-zentroek ezinbestekoak dituzten baliabideak jasotzea, hezkuntza-sistemak ikasturte berrirako azpiegitura egokiak ezartzea, lantegietan segurtasun neurri zorrotzak finkatzea eta testak egiteko eta kasuen jarraipena egiteko gaitasuna handitzea berandu baino lehen bete beharreko helburuak dira.


Ustekaberik ez dugu izango birusak berriro atea jotzen duenean, etorriko dela badakigu. Beraz, egoki prestatzea dagokigu, instituzioei batez ere. Galdera da agerikoa den hau instituzioetan agintean daudenek ikusten ote duten.

Articles
Kontxi Aizarna Letamendia
05/07/2020
Iñaki Egaña
04/07/2020
Tomás García Díaz
04/07/2020
Letters
Gerardo Hernández Zorroza
03/07/2020
Miren Goñi eta Iñigo Legorburu | Leoka Guraso Elkartea (Hernani)
02/07/2020
Enric Vivanco Fontquerni | Barcelona
01/07/2020
Latest posts
Fito Rodriguez
18/06/2020
Koldo Campos
15/06/2020