Izotzaren azpian, mundu berri baten zantzuak
Hondamendi ekologikoak ondorio kartografikoak ditu. Artikoko izotz geruzak azalera galtzen du urtero, eta udan zabalik uzten ditu izotz plakek estalita zeuzkaten korridoreak. Txinak hori aurreikusi zuen duela ia hamarkada bat. «Artikotik hurbileko estatu» izendatu zuen orduan bere burua, baita “Zetaren bide polarra” marraztu ere. Joan den astean Ningbotik abiatu zen Sea Legend armadorearen “Dubai Tower” kargaontzia. Britainia Handirantz doa, munduaren sabaitik eta Errusiaren baimenarekin. Hogei eguneko bidaia du aurretik, Suezko kanaletik joango balitz beharko lukeenaren erdia. Txinatar konpainia ez da lehena izan, baina orain arte ez da merkataritza zerbitzu erregularrik egon. Hemendik urrira arte, asteroko zerbitzua eskainiko du Sea Legendek.
Gero eta urriagoa denaren inguruan gogortu da lehia, eta ireki berri den bidea ez dago gatazka horretatik kanpo. Mineralak, erdieroaleak eta bide estrategikoak daude ika-mikaren erdigunean. Washingtonek indarraren bidea hautatu du merkatuan galtzen ari denari eusteko, eta hizpide dugun auzian atzean geratu dela oharturik, izotza hausteko gai diren ontziak erosiko dizkio Finlandiari. Edukiontzi txinatarrek, berriz, Europako kaietan hustuko dute karga, kontinentea baita oraindik munduko merkaturik handienetakoa. Harreman berriak ehundu ditu azkenaldian, baina urrats lotsatiak izan dira gehienak, autonomia estrategikoaren faltan. Uneak gehiago eskatzen du: ziurgabetasunera egokitu eta asmamena landu.
Mundu aldakor honek izkinen eta itsasarteen bidez azaltzen du bere burua. Suez, Gibraltar eta, batez ere, Ormuz ia eguneroko hiztegiaren parte dira, merkataritza igaro edo trabatzen den pasabide estuak, tentsio guneen epizentro direnak. Bering itsasartea sartu da orain zerrenda horretan. Bertatik zabaltzen den ateak bi errealitate ekartzen ditu argitara. Bata klimaren auzia da, berrarmatzearen itzalean lokartua, erabakitasunez esnatu beharrekoa. Bestea Txinaren gorakada, datorren munduaren seinale, ulertu beharrekoa, mesfidantzan babestu gabe. Bi fenomenoak zirkulu polar artikoan gurutzatu dira, izotza urtzen ari den lekuan.