Martxoaren 3ko sarraskia: 49 urte eta justiziarik ez

Bertsio ofiziala bala zorro, ke poto eta pilotek deuseztatzen dute», dio gaur orrialdeotan Julen Diaz de Argote historialari eta Martxoak 3 elkarteko kideak, duela 49 urte gaurko egunez Gasteizen izan zen sarraskia gogoratuz. Izan ere, bertsio ofizialak sostengatzen du Estatuak ezarri nahi duen kontakizuna eta, aldi berean, gero eta argiago ageri da kontakizun horren oinarri ustela. Kasu honetan, oraindik bizirik daude Gasteizko sakaila ikusi eta pairatu zuten herritar asko. Luis Puicercusen “Imborrables” lanak «trantsizio espainol» goretsian poliziek nahiz ultrek hildako 318 pertsonaren kasuak jasotzen ditu. Bertan, kontakizunak ez bezala, «eredugarri» gisa barik, odoltsutzat jotzen ditu idazleak urte haiek. Liburuak jasotzen dituen lehenengo kasuak Gasteizen hildako bost langileenak dira, hain zuzen: Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, Jose Castillo Garcia eta Bienvenido Pereda Moralenak; azkenak, Tolosako bi gazterenak: Joxi Zabala eta Joxean Lasarenak.

Oraindik espetxeetan ehunetik gora preso politiko daude, Estatuan borroka politikoaren adierazpide bortitza duela 14 urte desagertu ondoren; hala ere, duela 14 urte bezala, ia beti bezala, ez dago gerra zikinean jardun duen presorik. 318 heriotza horien egileak eta eragileak ezagunak dira kasu batzuetan, ikertu gabeak besteetan, bertsio ofizialekin bat datorren zigorgabetasun nabarmena. Gasteizen bost hildako izan ziren, eta hurrengo egunetan beste hiru Basaurin, Tarragonan eta Erroman; baita dozenaka zauritu ere, nahiz eta oraindik ez dagoen kopuru zehatza ematerik. Hala ere, balaz zauritutakoen kopuruak bakarrik bertsio ofiziala eta delako trantsizio espainolaren eredugarritasuna gezurtatzen ditu.

Ia mende erdia igaro da eta ez da justiziarik egin. Martxoak 3 elkarteak herritarrekin eskuz esku dihardu bertsio ofizialari aurre egiten, testigantzak eta hainbat material jasoz gezur hutsa ageriago jartzen. Batzuen zabarkeria eta besteen ezaxolak, baina, zalantzan jartzen dute Martxoaren 3ko Memoriala Fundazioko kide diren instituzioen konpromisoa, eta horren isla da San Frantzisko elizaren egoera negargarria.

Search