Memoria historikoa lurpetik ateratzeko lana
Zornotzan Euskal Herriko hobi komunik handiena arakatzen ari dira, edo bertan lan egiten duten boluntarioek diotenez, hamar hobiko hobi erraldoia. Laugarren fasean ari dira, eta bosgarren bat ere izango da, beste hobi bat aurkitu baitute «gorrien otalurrean». Dagoeneko 126 gorpu atera dituzte lurpetik eta Donostian daude, Aranzadiren egoitzan, gerrako hainbat borrokalariren eta, horien artean, hiru emakumeren hezurrak.
Memoriaren bila ari dira, egiaren, justiziaren, erreparazioaren eta ez errepikatzeko bermearen aldeko lan etengabean Aranzadi, Euskal Prospekzio Taldea eta beste zenbait elkarte, talde eta herritar banako. Boluntarioak dira, baina merezi duen lana dela diote. Merezi du eurentzat, beren lanaren kontzientzia osoa baitute, baina merezi du desagertuen senideentzat eta jendarte osoarentzat ere, eta zabaldu egin beharra dago kontzientzia hori, jendarte osoaren memoria baita lurpean dagoena, berreskuratu eta ahantz ez dadin zain. Inondik ere, eskertzeko moduko lana da. Boluntarioen artean auzitegi medikuak daude; Zornotzako hobian, aurkezpenik behar ez duten Lourdes Herrasti eta Pako Etxeberria. Haien lana funtsezkoa da eginkizun horretan. Ikerketa lan motela egiten dute, gehienetan oso urriak diren lekukotasunak bilduz eta lurrak gordetakoa aztertuz.
Gaur Luis Fondebrider argentinar auzitegi medikuaren hitzak jasotzen dituzte orrialdeok. Aditua da lan horretan, jakina, horregatik da erreferentzia munduan eta, apal asko, memoria lurpetik ateratzeko eginkizun horretan zientzia forentsearen baliagarritasuna nabarmentzen du, «jendeari heriotzaz eta gorputza desagertuz kendu zioten nortasuna itzultzeko». Gogoratzen du Argentina aitzindaria izan zela eginkizun horretan; Estatu espainolak, aldiz, ez zion lan horri ekin 2000 arte, eta gizarte zibilaren bultzadari esker. Oraindik ere «irabazleen» ondorengoek diote ez dela komeni zauriak berriro irekitzea. Inoiz itxi ez diren zauriak. Ez omen da hildakoen eta desagerrarazitakoen senideei komeni zaiena, haien memoriari eta gutxieneko duintasunari eutsi nahi dien jendarteari komeni zaiona.