Militarrak eta militarismoa sobran

Hiru aste daramatzagu osasun larrialdi egoeran. Neurri gogorrak hartu eta gero, pandemiari tamaina hartzen ari zaiola dirudi. Hala ere, testuinguruak oso konplexua izaten jarraitzen du. Koronabirusak jendea kutsatzen jarraitzen du eta hildako kopurua oso handia da oraindik ere. Bestalde, osasungintza sisteman muturreko egoera kudeatzen ari dira bertan lan egiten duten profesional guztiak. Hainbat zahar-egoitzatan ere egoera ez da batere samurra. Eta gainerako herritarrak konfinamendua betetzen ari dira portaera gizalegezko eta estoikoa erakutsiz.

Osasun larrialdiaren abagune honetan, Estatu espainoleko Armadak “larrialdi” hitza soilik ulertu duela ematen du. Eta eginkizun zehatzik ez duenez, armadako tradizio onenei jarraituz, aspertutako militarrek zereginak asmatzen dituzte ezohiko garai hauetarako. Horrela, atzo, Estatu espainoleko Armadako unitate batek Iruñea zeharkatu zuen; ilara plaza batean gelditu zen, eta militarrek alde zaharreko kale hutsak zelatatu, eta topatu zituzten bizilagun bakanei dokumentazioa eskatu zieten. Baten batek aurreko guztia esajerazioa dela pentsa dezake, baina ez. Ez zen larrialdirako unitate militar bat eta, beraz, ezin zituen desinfekzio lanak egin. Eta ondoren, Gobernu ordezkaritzatik zehaztu zutenez, azpiegitura kritikoak ikuskatzera joan ziren, autobus eta tren geltokiak, alegia. Gobernu ordezkaritzak, beraz, asperduratik sortutako misioa zela baieztatu zuen.

Militarrak ez dira egoeraz jabetzen eta beraien guda maniobrekin eta zuritze kanpainarekin jarraitzen dute. Ez dute ulertu larrialdi egoerei gutxitan aurre egiten zaiela armekin. Askotan, baliabide askoz xumeagoak nahikoak dira; esate baterako, eskuak ondo garbitzea. Atzo, alde zaharreko bizilagunek lapikokada ozen batekin alde egiteko eskatu zieten. Euskal Herrian militarrak sobran daude; zer esanik ez, militarismoaren balioak. Koronabirusari aurre egiteko gizalegezko jarrera beharrezkoa da eta euskal herritarrek sobera dutela erakutsi dute.

Search