Oldarraldi xenofoboa testuinguru aproposean

Duela hilabete bat Ceutara iritsi ziren migranteen egoera berez larria orain are latzagoa da jasaten dituzten erasoen ondorioz, gaur orrialdeotan No Name Kitchen erakundeko kide batek deskribatu duenez. Gutxienez, 5.000 pertsona, gehienak kale gorrian, oinarrizko arretarik gabe eta eraso xenofoboei aurre egin beharrean. Adin txikikoak «indarkeria polizial, militar, parapolizial eta faxista jasaten ari dira». Baita sexuala ere. Azken albisteen arabera, migrazio krisia hasi zenetik, gutxienez 23 sexu eraso izan dira Ceutan, haietako bederatzi adin txikikoen aurka. Zenbaki horiek Fiskaltzak erregistratutakoak dira; hala ere, askoz handiagoa omen da horrelako erasoen benetako kopurua. GKEetako kideek ere jazarpena jasaten dute, eta haietako batzuk atxilotu ere egin dituzte. Azken albisteak dira; Europatik ikusita, bitxikeria bat, antza.

Izan ere, Ceutara milaka pertsona sartu zirenean, 141 hil ziren uretan, baina ez horrek, ez ondorengo egoera lazgarriak ez dute Europar Batasunaren erreakziorik eragin, batzuen haserreaz eta migrazio kontrol zorrotzagoak adosteaz beste. Gobernu espainola, migrazio kontuetan Europar Batasunak aldarrikatu izan dituen balioekin jarrerarik koherenteena duena, berandu eta baldar ibili da, eta bere akordio ilunen mendeko. Dioenez, «mafiak» dira krisiaren kausa, horrela Marokoren estrategia apalduko balu bezala. Bitartean, espero zitekeenez, testuingururik ezin aproposagoan, eskuin espainolak justifikatu egiten ditu Afrikako hirian bertan izan diren presioak, migranteen aurkako erasoak eta elikagaiak zeramatzaten Gurutze Gorriko konboiei bidea oztopatzea, baita sustatu ere. Hainbat elkarretaratzetara deitu dute gaurko PPk, Voxek eta UPNk, Euskal Herrian ere bai, «Ceuta salbatzeko».

Afrika iparraldeko bazter txiki bat kontinente baten izaera eta jardun politiko eta humanoa erakusten ari da. Ez da baliabide faltagatik; Europar Batasunaren migrazio politikak beste kezka batzuk ditu, eta ez dirudi xenofobia eta faxismo oldarraldiak ere sobera kezkatzen duenik. Horrenbestez, premiazkoa da horrekin bat ez datozen indar politikoen eta jendartearen jarrera argi eta irmoa oldarraldi horren aurrean.

Search