Profezien eta etxekalteen aurka, gure anbizio kolektiboen alde

Honezkero urtebete iraun duen eta azkar itzaltzeko itxurarik ez duen pandemiaren erdian dator Aberri Eguna. Baita Realaren eta Athleticen arteko Kopako finalaren ostean ere. Jakina, auzi konparaezinak dira, baina biek dute nazio baten nortasuna, baita miseriak ere, irudikatzeko ahalmena.

Azkenean, bart, Realak irabazi zuen, eta horrek batzuen eta besteen gogoa mutur batera edo bestera eramango du. Partidak ajea utziko du, atarikoak ez baitziren eredugarriak izan.  

Agian, iaz uste zenaren kontra, pandemiatik Euskal Herria eta euskal herritarrak ez dira ziren baino hobeagoak izaten aterako. Egun hauetako zenbait jokabide ikusita, baliteke ezetz. Horretaz harago, litekeena da gure egitura komunitarioak ahulduta ateratzea.

Gero eta jende gehiagok dio gainontzeko nazioetako herritarrak bezalakoxeak garela. Adibidez, indibidualismoa joera global geldiezina dela diote. Hein batean, ikuspuntu horrek gure borroka eta erresistentzien historiak kultura politiko berezirik ez duela sortu esan nahiko luke. Edo sortu bazuen, dagoeneko amortizatua dagoela.  

Profezia hauen kontra, euskal herritar askok Euskal Herria bezalako nazio txiki guztiek pairatzen duten fatalismoari bizkar eman eta herriek bizirauteko behar duten konpromisoa berretsiko dute gaur. 

Nazio ukatu eta zigortu bat aurrera ateratzeko egunero erakutsi behar da kolektiboarekiko konpromisoa, behardunen aldeko elkartasuna, pentsamendu berritzailea eta praktika iraultzaileak… Egunero mantendu behar da bizirik anbizio komunitarioa: lehentasunak markatzeko, jendartea zaintzeko, pandemien aurrean, krisien aurrean, etxekalteen aurrean.

Argieginei eta desbideratuei arreta handirik egin gabe, egunero zaindu eta berreraiki behar dira nazio bat irudikatzen duten balio handiak. Herrigintza etsaien eta norbere buruaren kontra egunero jokatzen den partida bat da.

Search