Prozesu demokratikoaren kudeaketa eskasa

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hauteskunde autonomikoen kanpainako azken egunean pandemiaren gorabeherak izan dira eztabaidagai nagusia. Nekane Murga Osasun sailburuak dekretu bidez erabakita, PCR proban positibo eman duten pertsonek ezingo dute igandean botorik eman. Erabaki administratibo horrek oinarrizko eskubide bat urratzen du eta, beraz, lege-oinarri argirik gabeko erabakia da. Hala, auzitegiek atzera bota lezakete; izan ere, Kataluniara begiratuta, esaterako, Auzitegi Gorenak Hauteskunde Batzorde Nagusiaren erabakiaren aurka jo, eta bertara bidalitako polizia espainolek bozkatzeko eskubidea zutela esan zuen. Hortaz, litekeena da Osasun Saileko buruaren erabakiak epaitegietan ibilbide luzea egitea.

Dena den, alde juridikoa bazter utzita, auzi honek eduki politikoa ere badu. Covid-19aren pandemiak aurreko hauteskunde deialdia bertan behera utzarazi zuen, Urkullu lehendakariaren nahiaren kontra. Deialdi berriak berehala piztu zuen eztabaida; izan ere, oso posible zen gaixotasuna berragertzea hauteskunde prozesuan zehar, eta horrek bai kanpainaren garapena bai parte hartzea oztopa zezakeen. Agintariek luze eta zabal hitz egin zuten aukera horretaz, baina azken egunotan gertatzen ari dena ikusita, badirudi ez dutela pentsatu beharreko guztia pentsatu. Bestela, plan zehatz bat eratuko zuketen herritar guztien boto eskubidea bermatzeko. Horren ordez, bide errazena hartu dute: kutsatutako pertsonei boto eskubidea debekatzea. Ezohiko egoera honen kudeaketan, Lakuako Gobernua ez da batere fin ibili, ez aurreikuspenak egiten, ez irtenbideak ematen; are gutxiago, gainerako indar politikoekin urratsak adosten.

Ikusitakoak ikusita, irudi lezake Lakuako Gobernuarentzat demokrazia botoa emateko tramitea baino ez dela: ahalik eta azkarren pasatu beharreko igarobide deserosoa, betiko martxan jarraitu ahal izateko. Jarrera horrek ez dio demokraziari mesede handirik egiten.

Search