Sistemaren usteltzearen sintoma, askatasun bidea azkartzeko pizgarria

Estatu espainolaren egituren usteltze prozesua ez da berria. Sistemaren krisi sakona arlo politikoan ez ezik, ekonomiko eta sozialean, Justiziari edo gainerako administrazioei dagokionez ere gero eta nabarmenagoa da. Haren buru Juan Carlos I.aren abdikazioa sistema horren usteltzearen sintoma argia da. Izan ere, ia berrogei urtean behin eta berriz berretsi du bere jatorri antidemokratikoa. Estatuko botereek, jakina, ez dute horrelakorik onartu nahi, ez jendaurrean, behinik behin. Horregatik, bitxia bada ere, ulergarria da errege espainiarrak bere abdikazioa iragartzean esandakoa, egonkortasuna koroaren identitate-ezaugarria dela eta bere semeak egonkortasun hori irudikatzen duela, alegia. Nondik begiratzen den, esan liteke nolabait baduela arrazoia; izan ere, diktadorearen heriotzaren ondorengo ezegonkortasunari aurre egiteko monarkia ezinbesteko faktorea izan zuen erregimenak. Eta, egiari zor, Estatuaren ordezkari fidela izan da, haren egitura gorena egitura guztien endekapenaren eredu izateraino.

Monarkia espainolaren legitimitaterik ezak goia jo du. Eta gutxieneko zorroztasunaren jabe denak ezin dio erreparatu tronuan nor esertzen den eztabaidari. Tronua bera da arazoa, eta kasu honetan haren jatorria, sistema demokratiko baten itxurapean erregimen faxista baten jarraipena irudikatzen duen eta hura legitimatzeko ezarritako tresna. Juan Carlos I.aren erresuma haustura demokratikoa eragotzi izanaren eta haren ordez «trantsizio eredugarri» baten sinbolo eta are demokraziaren «salbatzaile» gisa aurkeztu nahi izan dute. Begien bistan da emaitza. Orain, Felipe VI.aren erresuma «bigarren trantsizioaren» sinbolo eta sistemaren egiturazko arazoen konponbidea dela sinetsarazi nahi dute. 

            
EuskalHerriak, Estatu horrek azpiratuta bizi diren gainerako nazioek bezala, bide horretatik aldendu behar du, eta sistemaren usteltzearen erakusgarri honek, hain zuzen ere, haren askapen prozesua azkartzeko pizgarria izan behar du. Euskal herritarrek beren bide demokratiko propioa egiteko eskubidea dute eta, gainera, hala komeni zaie. Orain dela 39 urte bezala, baina orain eskarmentu luze eta triste baten irakaspenetan ere oinarrituta, beren demokrazia, hau da, euskal errepublika, eraikitze bidean.

Search