Udalek, desafioak baino, baliabideak behar dituzte

Ander Aldazabal Lekeitioko alkateak gaur GARAn adierazi bezala, etxebizitza da udalerrietako arazo nagusietakoa. Izan ere, «datuak ikaragarriak dira». Adibidez, Lekeition dauden 5.300 etxebizitzetatik 909 bigarren etxebizitzak, hutsak edota turistikoak dira, eta «ez daukate erabilera jakinik». Zoritxarrez, ez da kasu isolatu bat, Euskal Herriko herri eta hiri askotan errepikatzen den arazoa baita. Horren ondorioz, EitbFocus inkestak berriki ezagutarazi legez, Hego Euskal Herriko herritarren kezka nagusia etxebizitza da.

Testuinguru horretan, Lakuako Etxebizitza Sailak bide okerra hautatu du azken egunetan. Hasteko, udalei lurzoru urbanizagarrietako etxe babestuen proportzioa %75etik %60ra jaisteko aukera emango diela jakinarazi du. Promotore pribatuentzat ez omen dira behar bezain «errentagarriak». Aitzitik, etxebizitza negozio bide bat baino eskubidea baldin bada, errentagarritasunaren arabera egin behar ote dira politikak? Zein da arazoa, gutxi batzuentzat ez direla errentagarriak edo ez direla orain arte izan diren bezain beste? Hori gutxi ez eta, EHBilduk gidatutako udalei desafioa bota zien Denis Itxaso Sailburuak, gai badira, %75eko baldintza bete dezatela esanez. Lekeitioko alkatearen hitzetan antzeman daitekeenez, ordea, horretan ere tronpatu egin zen Sailburua: etxebizitza turistikoak arautzeaz gain, «etxebizitza sozial gehiago eraikitzeko ahaleginean ari gara Jaurlaritzagaz, elkarlanerako prestutasuna dago», azpimarratu du Aldazabalek. Eta hori ere ez da Lekeitioko kasu isolatua. Esaterako, Galdakao, Soraluze, Errenteria edo Azpeitiko udalak Lakuari zoru publikoa doan lagatzen ari dira, beste neurri anbiziotsu batzuk gauzatzeaz batera.

Udalek –eta ez soilik EHBilduk gidatutakoek– behin eta berriz aldarrikatzen duten bezala, baina, eskumen eta baliabide gehiago behar dituzte. Adibidez, tentsio handiko eremuen izendapenean zenbait udal aitzindariak izan badira ere, Erreferentzia Indizea noiz zehaztuko zain daude oraindik. Itxasok salatutakoaz bestela, udalez gaindiko instituzioak dira «atzetik» dabiltzanak. Hori kontuan izanik, Etxebizitza Sailak berari dagozkion lanak aurreratzen zentratu beharko luke.

Search