Zentzugabekeria, berriro, elkartasuna itotzeko

Madrilen izan dira azken egunotan euskal presoen hainbat senide eta abokatu, tamalez ezaguna duten parajean, bai inguruan bizi izan dituzten epaiketengatik bai Estatu espainolean sakabanatuta dauden presoak bisitatzeko egin behar izaten dituzten bisitengatik. Oraingoan ere behartuta joan dira, eta hori gutxi ez eta, beraiek izan dira Auzitegi Nazional espainolean lekuko gisa deklaratu behar izan dutenak, urtarrilean abokatuen kontra egindako ‘Mate’ operazioaren harira argipenak eman ditzaten, epaileak hala erabakita.

Espainiar justiziak euskal presoen ingurunearen kontra aurrera daraman politika bidegabea agerian gelditu zen aspaldi eta horren adierazle dira, besteak beste, eta azken hilabeteetako gertariak kontuan hartuta, abokatuen atxiloketak, elkartasun mugimenduen kriminalizazioa eta senideak Guardia Zibilaren kuarteletara deklaratzera deituak izatea. Egun hauetan Madrilen ikusitako irudiak dinamika krudel horren beste adibide bat dira. Pisuzko arrazoien faltan, auzi ekonomikoa baliatu dute senideak estutzen segitzeko, presoak defentsa juridikorik gabe uzteko operazioan hasitako zentzugabekerian jarraituz. Iruzurra Estatu espainolean hedatuta dagoen praktika dela agerian egon arren horren aurka inolako neurririk hartzen ez den garai hauetan, argudio hori erabiltzea sinesgarritasun eskasekoa izateaz gain, lizuna ere bada.

Elkartasuna eta babesa ahultzea da halako azpijokoen azken helburua. Hain zuzen, dispertsio politikaren bitartez senideak astero milaka kilometro egitera behartuz bilatzen dutena eta, eragiten duen mina eta zorigaitza gehiegi den arren, lortu ez dutena. Hori da gero eta ageriago geratzen dena: mendekuan tematutako Gobernu bat, bakearen bidean gizarte honetako arlo ezberdinetatik sortutako aukerei muzin eginez eta, aurrez aurre, salbuespen egoera batean bizitzera kondenatutako herri bat elkarbizitza eta konponbidea eraiki nahian.

Search