Zisjordaniako gerra «isilaren» aurrean, mutu

Egun odoltsua izan zen atzokoa Zisjordanian. Beste egun bat gehiago, enegarrena. Lau palestinar eta bi soldadu israeldar hil eta dozenaka palestinar zauritu zituzten. Gobernu israeldarrak gerra operazio gehiago aurreratu zituen eta Itamar Ben-Gvir ministroak argi utzi zuen zein helbururekin: «hiltzen duten judu bakoitzeko, lurren eta etxeen galera asumitu behar dute palestinarrek. Hori da Ekialde Hurbileko hizkuntza, Gazan hitz egin genuena, Judea eta Samarian hitz egin behar duguna». Beste hitz batzuetan esanda, helburua Estatu palestinarraren ideia bera lurperatzea da.

«Gerra isilarazia» deitu zaio Zisjordaniakoari, marka eta muga guztiak hautsi dituen Israelen biolentziaren eta basakeriaren erdian gordindu dena. Gazako genozidioaren detaile eta irudi beldurgarriak gogoan ditugu oraindik, baina gero eta lausoago; Ukraina, Iran edo Golkoko gerren hotsak eta ondorioak egunero daude komunikabideetan, eta, bien bitartean, titularretatik eta telebistetatik kanpo, larriagotzen ari da armadak eta kolonoek eskuz esku Zisjordanian egiten duten gerra «isil eta izenik gabekoa». Lurrak konfiskatzen ari dira, populazio palestinarra kanporatzen, itotze ekonomikoa areagotzen, landa eremuetan isolatuta bizi diren palestinarren egunerokoa infernu bihurtzen, errefuxiatu kanpamentuetako dendak errez, ganadua lapurtuz.

Gertatzen ari dena ez da ustekabekoa, ezta erreaktiboa ere. Kalkulatua da, kalkulu hotz eta estrategikoa. Mundua beste norabait begira den bitartean, aspaldiko helburuak lortzeko. Sionistentzat eta kolonoentzat egungo garaia «mirari» bat delako, «Judean eta Samarian Israelen soberania ezartzeko zeruko grazia». Diskurtsoa jada ez da negoziazioarena, erabateko kontrolarena baizik. Eta hartara, ongi etorriak eta zilegiak dira gerra harraparia, lurren konfiskazioa, palestinarren exodoa. Juduak legearen gainetik daude eta arabiarrak zigorgabe hil daitezke. Hori da araua. Nazioarteko Zuzenbide humanitario ororen mespretxua normalizatu egin da eta beranduegi izan daiteke inork ez badu ezer egiten. Herri palestinarraren drama ez delako nazioarteko komunitateak ez dakiela gertatzen ari dena, baizik eta, jakinda, geldi eta mutu geratzen dela. 

Search