1977/2024 , 27 de Febrero

Jokin URAIN (idazlea, 'Txomin. Aurrera bolie!' liburuaren egilea)

Txomin Iturbe, Etxazuriko semea

Txomin Iturbe, leyendo 'Egin' en Argelia.
Txomin Iturbe, leyendo 'Egin' en Argelia. (Luis NUÑEZ | EGIN)

Gaztetan, ingurua eta mundua aurkitzen eta ezagutzen goazen ahala, urtetik urtera neurtzen dugu denbora. Adinean aurrera goazenean, berriz, belaunaldiz belaunaldi hasten gara neurtzen. Batzuetan pertsonak hartzen ditugu belaunaldi edo garai jakin baten erreferentzia moduan, aitzindari edo ekintzaile gisa edo beste dohainen bategatik nabarmendu diren pertsonak, ekinbide baten erakusle zaizkigunak.

Txabi Etxebarrieta, Eustakio Mendizabal 'Txikia' edo Jose Miguel Beñaran Ordeñana 'Argala' aipatzen baditugu, garai eta testuinguru soziopolitiko bati eta ekinbide politiko zehatz bati atxikiak datozkigu gogora. Gauza bera Juan Jose Etxabe, Jose Manuel Pagoaga 'Peixoto', Jesus Mari Zabarte 'Garratz' edo Txomin Iturbe aipatzean. Garai baten eta belaunaldi ekintzaile baten erreferente dira, batez ere.

Gerra denboran -1936-39koan- edo gerraostean jaiotako belaunaldiaz ari gara. Gerrak gehienetan suntsipen lorratza uzten du inguruan eta ondorenean, eta horrela izan zen hemen ere. Gosea, etsipena, isiltasuna... Hitz egiteko beldurra. Hori jaso zuen nerabezaroan eta gazte sasoian 1940ko hamarkadaren bueltako belaunaldi hark. Ahalguztiduna baitzen diktadura, edo uste hori zeukan gizarteak muinetaraino sartua, eta horixe zen ezer ez mugitzeko bermerik seguruena. Eskubide eta aldarrikapen politikoak ez ezik, herri ezaugarriak eta hizkuntza bera debekatua zen, eta hitz egitea zigortua. Eta debeku eta zigorren ondorioz, hizkuntza gutxietsia ere bazen azkenean euskara. Hori zen panorama, eta horrekin topo egin zuten haur haiek eskolara iristean.

Baina belaunaldi hark 18-20-22 urte bete ditu 60ko hamarkadan. Gaztetasunaren ezaugarrietako bat da dagoenarekin ez konformatzea, injustizien eta gehiegikerien aurrean izan dezakegun beldurraren gainetik errebeldia nagusitzea. «Gazte gera gazte eta ez gaude konforme» kantatzen zuen garaitsu hartan Lurdes Iriondok, eta esan liteke horixe zela belaunaldi berri haren sentipena, aginteak ezartzen zien zapalketa egoerarekin ez konformatzea, alegia. Diktaduraren larderiarekin topo eginda, gizartean hedatuta zegoen etsipen girora makurtu ordez, burua jaso eta konpromiso politiko, sozial eta kulturalari bete-betean heldu zion belaunaldi hark. «Gernikako errautsetatik» erne eta loratzera datorren belaunaldia da. Jose Manuel Pagoaga 'Peixoto'-k esan izan du ereintza aroa izan zela 1960-70eko hamarkada, eta ereintza hori aspektu politikoan, sozialean, kulturalean... ikusi zen. Bizitzako aspektu ezberdinetan erein zuten, eta esan behar da lur emankorrean egin zutela ereintza.

Hamarkada horretan kokatu behar dira, adibidez, euskara batuaren oinarriak eta zutabeak. Helduei euskara irakasteko kanpaina bultzatu zuen Rikardo Arregik 1965ean. Eta Elbira Zipitria maistra eta ikastolen sortzaileetakoak, euskara eta pedagogia berritzailea oinarri hartuta, Piaget, Freinet, Makarenko eta Montessori pedagogoen teoriak gurera ekarri zituen Europatik. Zipitria izan zen euskaraz nor-nori-nork terminologia erabiltzen hasi zena. Ordukoa da Euskal Kantagintza Berria, eta baita Euskal Herriko mugimendu kooperatiboa ere... Eta horrekin guztiarekin batera, errebeldia sentipena hasten da loratzen; diktaduraren larderiari beharrezko diren baliabide guztiekin aurre egin nahi dion errebeldia eta sentipen abertzalea.

Sentipen horrekin militantzia politikoan konprometitu zen gaztea da Txomin Iturbe; 1943an jaioa Arrasateko Etxazuri baserrian, erdal munduarekin topo egin zuen eskolan hastean. Herriaren biziraupenaren aldeko lehen lubakia izango du, euskararen aldeko borroka alegia. «Casero borono deitzen ziguten euskaraz egiten genuelako», zioen berak, eta askotan esan izan zuen euskararik gabe ez dagoela ez Euskal Herririk eta ez kristorik. Ez zen, ordea, aurkako egoeraren aurrean kikiltzen edo bazterrera geratzen zena, eta laster hasi zen bere lekua egiten ikaskideen artean, kirolean futbol taldean, kooperatiban lankideen inguruan, eta baita lagunartean eta militantzia politikoan ere. Izaera alaia zuen, adeitsua eta adar jotzailea, isilik egoten eta behar zenean hitz egiten zekien, eta laster hasi zen inguruan eredu eta erreferente bihurtzen.

ETAn militatzen hasita, dohain bereziak ikusi zizkion Txabi Etxebarrietak berak, eta hala esan omen zien kideei: «Zaindu ezazue Txomin; zinezko liderra izatera iritsiko da-eta». Eta liderra izan zen zinez, askapen mugimenduko eta erakunde ekintzaileko liderra, eta ez ezker abertzalearentzat soilik. Etsaiarentzat ere bai; ETArekin hitzordu edo harremanen bat bilatzen zuten askorentzat, Txomin erakundearen erreferentea zen.

1968a urte esanguratsua izan zen Askapen Mugimenduarentzat, eta baita pertsonalki Txominentzat ere. Urte horretan hil zuen Guardia Zibilak Txabi Etxebarrieta militantea, eta ETAk, pertsonen aurka berariaz prestatutako lehen ekintzan, Meliton Manzanas polizia torturatzailea hil zuen. Txominek berak urte horretako abenduan herritik ihes egin eta klandestinitatera pasa behar izan zuen. Askapen Mugimenduarentzat lider eta erreferente bazen, halaxe zen etsaiarentzat ere, eta hainbat aldiz hura hiltzen saiatu ziren Ipar Euskal Herrian, batzuetan larri zaurituz.

Estatu espainiarrak ETArekin kontaktuak edo balizko elkarrizketak behin baino gehiagotan bilatzen zituen, eta kasu haietako gehienetan Txomin izan zen erakundearen ordezkari. 80ko hamarkadan ere, ETAren eta Gobernu espainiarraren arteko elkarrizketa eta balizko negoziazio, kontaktu eta harremanen testuinguruan, atxilotu eta Gabonera deportatu zuten agintari frantsesek 1986ko uztailean. Estatu espainiarraren, frantsesaren eta beste herrialde batzuen arteko tirabira eta gorabehera batzuen ondoren, urte horretako irailean Aljeriara iritsi zen.

Gobernu aljeriarrak eta bertako zerbitzu sekretuak erakunde armatuaren eta mugimendu politiko iraultzaile baten ordezkari moduan hartu zuten Txomin Iturbe. Aljerrera irailean iritsi, eta azaroan, ETAko ordezkari moduan gobernu espainiarraren ordezkariarekin elkartu zen Txomin. Azaroan izan zuen bigarren enkontru bat... Baina Txominek ez zuen aukerarik izan enkontru haiekin luzaroan jarduteko: gobernu aljeriarrak eman zien bizilekua –komentua izandako eraikuntza handia– txukuntzen eta prestatzen ari zirela gertatutako istripu larri baten ondorioz, hil egin baitzen 1987ko otsailaren azkenean.

Txomin Iturberi Arrasaten egin zitzaion azken agur eta omenaldiak erakutsi zuen Etxazuriko semea zein tamainatako lider eta erreferentea zen herri honetako askapen borrokan. Umezurtz sentipen handia eragin bazuen burkideen eta abertzale askoren bihotzetan, ez da txikiagoa bere inguruan utzi zuen arrastoa.