1977/2024 , 17 de Marzo

Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

«Behin muga itxita, auskalo noiz utziko gaituzten berriro bakean»

Esaldi horrekin laburbildu zuen Irunen erosketak egiteko asmoa zuen emazte hendaiarrak Santiago zubia itxita ikusteak sortu zion etsipena. Espainiar poliziek, konfinamenduari loturiko murrizketak betearazteko xedez, aurreko gauean itxi zuten muga. 2020ko martxoaren 17a zen. Geroztik, muga eskualdetan bizi garen lagunen bizimodua trabatzeaz gain, migratzaileentzat ondorio are latzagoak ekarri dituzten bertze debeku anitz heldu dira.

 

 

Frantziar Poliziaren ibilgailu bi Bidasoaren gaineko Behobiako zubian, otsailaren 26an.
Frantziar Poliziaren ibilgailu bi Bidasoaren gaineko Behobiako zubian, otsailaren 26an. (Patxi BELTZAIZ)

Emazte hendaiarrak atzera egin zuen, espainiar poliziek blokeatu zutelako Santiago zubia.

Beste aldetik begiratuta, migratzaileak ez aurrera ez atzera gelditu ziren Irunen.

Euskal Herriko lurraldetasun jarraipena kolokan jarriz, estatuek agindu zuten muga itxierak buruhauste handia eragin zuen konfinamendu garaian.

Orduan ere, bi estatuen arteko koordinazioa ez zen goraipatzeko modukoa izan. Santiago zubian irudi bitxia eman zen. Hendaiatik Irunera ezin igaro; Irundik Hendaiara, ordea, bai.

 

Espainiar poliziak Santiago zubia gurutzatu nahi zuten herritarrak gelditzen, 2020ko martxoaren 17an.
Espainiar poliziak Santiago zubia gurutzatu nahi zuten herritarrak gelditzen, 2020ko martxoaren 17an. (Jagoba Manterola, FOKU)

Ordu gutxi barru arribatu ziren frantziar poliziak, eta, geroztik europar estatu gehienek harturiko erabakiarekin bat eginez, espainiar eta frantziar gobernuek zubia blindatu zuten.

Egun batzuk behar izan zituzten agintariek ibiltzeko baimenak –hala nola lan egiteko edo adineko gurasoen zaintza bermatzeko– martxan emateko eta, giro nahasi horretan, nafarra edo lapurtarra izan, zuberotarra ala gipuzkoarra jaio, euskal herritarren eskubideen murrizketa garaia hasi zen.

Bide batez, zainetan zen erosle hendaiarrak bota zuen esaldiari zentzu osoa hartu genion 'mugaldekook': «Behin muga itxita, auskalo noiz utziko gaituzten berriro bakean».

Urte bereko apirilean, Pirinioetako hamabi pasabide ofizialki itxitzat eman zituen frantses Estatuak, horietatik bederatzi Euskal Herrian kokatzen zirelarik.

Honakoak ziren: Hendaia-Irun-Urruñako hiru pasabide (Santiago zubia, Behobia zubia eta Etorbidea zubia); Ibardin, Lizarrieta, Lizuniaga, Aldude, Izpegi eta Larraine. Euskal herritarren mugimenduei begira itxiera hauek zuten eraginagatik, zerrendari San Martingo Harria ere gehitu ziezaiokeen.

Pasabide gehienetan hesiak eta zimendu blokeak eman zituzten, eta, polizien gehigarriz, militarren patruiletara ohitu behar izan genuen.

Era berean, munduko beste eskualdetan altxatutako hesi izugarrien «etxeko bertsioa» ezagutu genuen. A zer tramankulua eman zuten Behobia zubia hesitzeko!

Mugari iskin eginez, aurrera eta atzera ibiltzen garen herritarrok, ibilbide luzeagoak eginez eta auto-ilara trabagarriak irentsiz eman genituen ondoko hilabeteak.

Euskal herritar gehienentzat konfinamendu osteko askatasun arnasaldia maiatzean heldu zen; ekaina bitartean ez zituzten, ordea, muga pasabideak libratu.

Gutxi iraun zuen menak, gainera. 2015. urteaz geroztik Schengen Tratatua bere erara aplikatu duen frantziar Estatuak ez zuen aukera galdu nahi, eta, Europako Batasunaren zutabe nagusia den aske zirkulatzeko eskubidea iraunkorki murrizteko xedez, mugaren gaineko kontrol osoa hartu zuen.

Osasun krisia baino «segurtasun auzia» aldarrikatuz, Pirinio Atlantikoen Prefeturak Euskal Herriko «pasabide txikiak» guztiz ixteko deliberoa iragarri zuen 2021eko urtarrilaren 12an.

Bi egun beranduago, honako muga pasabide hauek beste behin ere hesiekin blokeatu zituzten: Etorbidea oinezkoen zubia (Hendaia-Irun); Hendaia eta Hondarribia itsasotik lotzen dituen txalupa zerbitzua; Lizuniagako portua; Lizarrietako portua; Sara eta Zugarramurdi Berruet Bentatik lotzen dituen bidea; Izpegiko lepoa; Aldudeko lepoa eta Larraine.

Herritarren haserreari bide emateko mobilizazio garaiak haizea hartu zuen.

 

Mugaren itxiera salatzeko protesta Lizuniagan.
Mugaren itxiera salatzeko protesta Lizuniagan. (Iñigo Uriz, FOKU)

Hala nola, muga horiek hesitu eta astebetera, «Herri bat gira, mugarik ez!» zioen pankarta handi baten ondoan «Indar okupatzaileak kanporat!» agindua jasotzen zuen bigarren oihala zabaldu zuten baigorriarrek Gaineko Bentaren ondoan, Izpegiko lepoan.

Otsailaren 14an, berriz, eskualdeko hainbat auzapezen sostenguz, EH Bilduk eta EH Baik deituta, elkarretaratze jendetsua egin zuten herritarrek Lizarrietako lepoan, mugen itxiera salatzeko.

«Bi estatuek nazio gisa ditugun eskubideak urratzen zituztela» salatu zuten bertan bildutakoek.

Herritik sorturiko protestak lehenengo emaitza ekarri zuen, eta bi hilabete lehenago harturiko erabakia, partzialki bada ere, zuzendu behar izan zuen Paueko erakundeak.

Hetsiak zituzten zortzi «pasabide txiki» horietatik hiru irekitzeko baimena eman zuen Prefeturak 2021eko martxoan.

Berrueta Bentatik, eta baita Lizarrieta eta Lizuniagako lepoetatik ere, zementu blokeak desagertu ziren. Alta, zuberotar eta nafarrentzat gauzak ez ziren onerako aldatu.

Horrendako, azaroaren 14an, Uthurzehetako lepoak hesituta jarraitzen zuela salatzeko ekimena antolatu zuten Larrainen, «Euskal Herrian mugarik ez» mezua zabaltzeko.


Turistak bai, migranteak ez

Prefeturak mugan agerian jarri zuen bisitari guztiek ez dutela tratu bera merezi, batik bat turistei begira, Hondarribia eta Hendaia lotzen dituen itsasontziak udan berriro ere bere zerbitzua abiatzeko baimena eman zuenean.

Alta, ez 2021eko uda saioari begira harturiko erabaki horrek, ezta mugan egoera lausotzeko aitzineraturiko bertze erabakiek ere, ez zuten apenas eraginik izan pertsona migranteentzat.

Mugaren itxierak beraiei eragin die, zalantzarik gabe, oinazerik handiena.

 

Hiru gazte migratzaile hil ziren trenak harrapatuta Ziburun.
Hiru gazte migratzaile hil ziren trenak harrapatuta Ziburun. (Guillaume Fauveau)

Lapurdin sartzea lortu ondoren, trenbidean atseden hartzen ari zen migratzaileen taldea harrapatu zuen trenak Ziburun, 2021eko urriaren 12an.

Horren ondorioz, hiru migrante hil ziren eta laugarren bat larriki zauritu zen.

Espainiar jai egutegi ofizialak gorriz markaturiko egunean gertatu zen bestelako migrazio politikarik indarrean izanez gero nehoiz gertatuko ez zen «istripua».

Bederatzi lagun hil dira, isilean, nehork gutxik haien bizitzaren berri emanik, Gipuzkoa eta Lapurdi lotzen dituzten pasabideetan jarritako oztopoak gainditzeko ahaleginetan.

Etorkizun hobe baten bila etorri zitzaizkigun herritar horien omenez, haien izen-abizenekin oroitu ditzagun: Tessfit Temzide, Yaya Karamoko, Abdoulaye Koulibaly, Mohamed Kemal, Fayçal Hamadouche, Ahmed Belhiredj, Sohaibou Billa, Ibrahim Diallo eta Abderraman Bah.


Bertako agintari eta biztanleekiko mespretxua

2022ko urtarrilaren 20an Euskal Herriko eta Kataluniako eurodiputatuek pausaturiko galderari erantzunez, Europako Komisioak mugaz gaindiko eskualdetan Schengen Tratatuaren behin-behineko indargabetzeak ekartzen dituen ondorioak aztertzeko aholkua eman zion frantses Gobernuari.

Lehenagotik ere bai Nafarroako Gobernuak, bai Ipar Euskal Herriko Euskal Elkargoak, bai Gasteizko Gobernuak behin baino gehiagotan eskaerak zuzendu zizkioten frantses Gobernuari, kontrolak lausotzeko.

Isiltasunarekin erantzun zuen Parisek. Mespretxu keinurik ez zen falta izan.

Horietako bat oroitzearren, 2022ko urriaren 7an Mugaz gaindiko Topaketak antolatu zituzten lehen aldiz Baionan. Parisek Dominique Faure estatu idazkaria bidali zuen Lapurdiko hiriburura.

Mugaren auziari buruz galdetu bazioten ere, horri buruz deus ez zekiela erantzun zuen frantziar Gobernuko delegatuak.

Bilkura horren harira, GARAk argitaratu zuenez, Parisko Gobernuak muga itxita atxikitzeko erabakia hartuta zuen. Ondoko urte erdian gutxienez zerrapo politikarekin jarraitzeko asmoa zuen Emmanuel Macronek, eta Bruselako agintariek horren berri emanez agiri ofiziala igorria zuten.

Handik aurrera, sei hilabetero berretsi zuen frantziar Estatuak mugetan kontrolak atxikitzeko erabakia. Ukrainan pizturiko gerrari, Maliko egoerari edo «migrazio ilegala»-ri aipamen eginez arrazoitu zuen inolako zentzurik ez zuen politika hori.

 

Euskal Herria harrera herria dela aldarrikatzeko hamaika ekimen egin dituzte herritarrek.
Euskal Herria harrera herria dela aldarrikatzeko hamaika ekimen egin dituzte herritarrek. (Patxi Beltzaiz)

Gobernuaren jarrera itxiaren aurrean, herritarrek eman zioten ufada mugaren irekiera lortzeko.

2022ko azaroaren 1ean, hamarnaka lagunek ekintza bat burutu zuten Etorbidea zubian. Migrazio politika arrazista salatzeko, hesiak lurrera bota zituzten. Hala askatu zuten, gaur batez, pasabidea.

Herritarren kexak eta hautetsien haserreak gora egin zutela, 2023ko ekainaren 5ean Julien Charles prefetak azken lau muga igarobide (Etorbidea zubia, Izpegi, Aldude eta Larraine) berrirekitzea gauzagarritzat jo zuen.

Oraingoan, turistak baino txirrindulariak zituen gogoan, seguruenik, estatu ordezkariak.

2023ko uztailaren hasieran, munduko telebistek tropela Santiago zubia ziztu batean zeharkatzen erakutsi zuten. Irudia borobiltzeko, ondoko pasabidea ere irekia agertzen zen.

24 ordu baino ez zuen iraun albiste pozgarriak. Frantziako Tourra igaro eta biharamunean hesiak jarri zituztelako, txirrindulari eta oinezkoen mesedetan, europar funtsekin eraikitako pasabidean.

Migranteen aldeko taldeek eta Txingudi eskualdeko hiru auzapezek luzaturiko gonbidapenei erantzunez, protesta jendetsuak egin zituzten ondoko egunetan Bidasoaren gaineko pasabidetan.

Herritarrak Avenida zubia berrirekitzea galdetzeko ekimen batean.
Herritarrak Avenida zubia berrirekitzea galdetzeko ekimen batean. (Patxi Beltzaiz)

Guztien bultzada izan zen beharrezkoa, bi urte eta erdiko itxialdiari amaiera emateko.

Pirinio Atlantikoen Prefeturak iragarri bezala, iazko urriaren 29 eta 30 arteko gauean Aldude, Izpegi, Larraine eta Etorbidea zubietatik oztopoak desagertu ziren.

Muga guztiz ezabatu arte pasabideen kontrolak kudeatzen dituzten estatu horiek «ez digutela bakean bizitzen utziko» jakinda ere, behin-behineko garaipena ospatzen ikasi du mugak sobera dituen herriak.

Horren lekuko da, Hondarribia, Irun eta Hendaiako herri agintarien presentzian, Etorbidea zubiaren berrirekitzea ospatzeko, goizeko hotzari aurre eginez, 2023ko urriaren 30ean herritarrek eginiko zubi zeharkaldia.