1977/2024 , 19 de Marzo

Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Muamar Gadafi hil ondoren ere, libiar aferak eztanda egin zion Nicolas Sarkozyri

Harmattan, Saharatik Ginea Golkorako norabidean ufatzen duen haize mota da. 2011ko udaberrian Libiako areatzak astindu zituen operazio militarra horrela bataiatu zuen frantziar Estatuak. NATOren interbentzioaren babespean, ustez, Muamar Gadafi bertako matxinoek hil bazuten ere, Nicolas Sarkozyk libiar agintariarekin izan zituen tratuak azaleratu ziren handik gutxira.

Nicolas Sarkozy, 2012ko hauteskunde kanpainan Euskal Herrira egindako bisitan.
Nicolas Sarkozy, 2012ko hauteskunde kanpainan Euskal Herrira egindako bisitan. (Jon URBE | FOKU)

'Harmattan operazioaren momentu azkarrak' izenburu duen Armada frantsesak jasotako txostenean irakurri daitekeenez, Nicolas Sarkozyk interbentzioa Parisen iragarri eta ordu batzuetara, 2011ko martxoaren 19ko ilunabarrean, seigarren aire-basetik garaturiko gerra ekimena hasi zen.

Benghaziko eskualdean pizturiko oposizio mugimendua suntsitzeko xedez, Muamar Gadafi koronelak agindu zuen oldarraldiari aurre egitea izan zen operazioa balioztatzeko Eliseok eman zuen argudio nagusia.

Zehaztu ditzagun, NATO erakundeko aliatuei aurrea hartuz, frantziar militarrek egun horretan plantan eman zuten dispositiboa. Orotara hogei bat aireontzik parte hartu zuten larunbat batez hasi zen Harmattan operazioan: zortzi Rafale, bi Mirage 2000-5, bi Mirage 2000 D, C 135 motako hainbat nabe hornitzaile eta E-3F radar-hegazkina.

Horren sostenguz, 'Jean Bart' eta 'Forbin' fragatak Libiako kosta aurrean plantatu ziren.

Zazpi orduko hegalaldiaren ondoren «nekatu samar iritsi ginela» oroitzen du bere burua T hizkiarekin baizik identifikatu ez duen koronel ordezkoak.

F kapitainaren ondoan zenak hauxe gehitu du hasierako erasoaldiari buruz: «Egun hori laburbiltzeko, gure lanbidearen muinean ginela sentitu nuen. Entrenatuta gaude egun batean eta hurrengoetan ere prest egoteko. Arrakasta hori guztiona da!»

Beste hainbat gatazka begiratuta, urrutira joan gabe, Gazan Israel burutzen ari den genozidioak modurik krudelenean erakutsi zuen Ekialde Hurbileko krisia; Nazio Batuek harturiko erabakiak ez dira berehala bete ohi.

Are, hamarnaka dira Israel potentzia okupatzaile bezala izendatzen duten erabakiak, baina estatu horrek ez du inolako zigorrik jaso hamarkadaz hamarkada agertu duen intsumisio jarrera horregatik.

Alta, Libiako gerraren kasuan, agudo jokatu zuten Estatu Batuetako aliatuek.

Hala, Segurtasun Kontseiluan 2011ko martxoaren 17an hartu zuen 1973. ebazpena betetzeari ekin zion Parisek, NATO aliantza militarraren banderadun gisa hartuz, martxoaren 19tik bertatik.

Operazioari aitorturiko mugak eta benetako helburuak

Gerard Longuetek erasoaren mugak marraztu zituen aipaturiko txosten militarrean.

«Frantziar militarren misioa izanen da Muamar Gadafi koronelaren hegazkinek egindako erasoetatik populazio zibila babestea eta libiar hegazkinek baliatu ezin izango duten aireko eremua ezartzea», zehaztu zuen garaiko Defentsa ministroak.

Libiar populazio zibila babestea eta frantziar jatorriko herritarrak gerra eremu batetik ateratzea, horiek izan ziren frantziar jendarteari begira operazioak aldarrikatu zituen helburu nagusiak.

Libian gauzaturiko erasoa ez zen izan, ordea, operazio isolatu bat.

Frantziar Defentsa Ministerioak operazioa abian eman ondoren zabaldu zuen lehenengo oharrean, dagoeneko erasoaldiaren dimentsio zabal hori aitortu zuen.

1991n aliatuek Iraken kontra burutu zuten Desert Storm (Basamortu Ekaitza) interbentzioaren ostean, Libian eginiko erasoa aliatuen «misiorik garrantzitsuenetarikoa» zela aurreratu zuen.

Hasieran adierazitako helburuez gaindi, Muamar Gadafiren exekuzioak agerian utzi zuen operazioak, Libiako barne egoeran eraginez, taula geopolitikoa bihurritzea bilatzen zuela.

Bestalde, Parisek izan zuen «esku-hartze murritza» gezurtatzera dator frantziar Armadak eskainitako informazio bildumatik erreskataturiko ondoko azalpena.

«Joan zen martxoaren 19tik gure aireontziak hegaldian izan ziren, Frantziak egindako lehen aire erasoei eusteko eta gidatzeko. Zazpi hilabete geroago, urriaren 20an, gure E-3F bat ere Libiako kostaldean misioan zebilen, Gadafi koronelaren konboia geldiaraztea ahalbidetu zuen koalizioaren misioan».

Sadam Hussein Irakeko presidentearekin, gerra bat ez, bi gerra burutu zituzten aliatuek; lehenik aliatua eta gero etsai gogaikarria bilakatu zen mandataria, urkatuta ikusi arte.

Ildo beretik, justizia eta nazioarteko zuzenbidearen arau guztiak alboratuta ere, «herriaren mendeku goseari» egotzitako heriotza basatia eskaini zioten aliatuek Muamar Gadafiri.

Frantziar presidente ohi bat, auzitegian

2011ko urriaren 20an, libiar koronela hilotz ikusita lasaiago lo egin zuen, seguruenik, Eliseoko maizter zen Nicolas Sarkozyk.

Izan ere, Libiako aferak bere kontra jokatu zuen handik urte gutxira. Nonbait, Harmattan haizeak hegoaldetik iparrera jo zuen, frantziar presidente zenaren urrezko erretreta zapuztuz.

Bere hauteskunde kanpainak Gadafik oparituriko diruarekin gain-finantzatu zituelakoan, ikerketa judiziala zabaldu zioten Sarkozyri.

Deklaratzera deitu soilik ez, atxilotu ere egin zuten frantziar mandatari ohia.

Amiltzeko prozesu horretan, hainbat data nabarmendu daitezke.

Hala, lehen aldiz frantziar presidente ohi baten kontra harturiko erabakiari bide emanez, 2014ko uztailaren 1ean Nicolas Sarkozy atxilotu zuten.

Hala ere, dezente lehenago, hain zuzen, frantziar hedabideetan Libian izandako gerraren urteurrena aipatzen zen testuinguruan, aferari buruzko ikerketa abiatu zen.

Horren mesedetan 2011. urteaz geroztik 'Mediapart' hedabideak eginiko ikerketa lan eskerga ezin da, zentzu horretan, aipatu gabe utzi, erabakigarria suertatu zelako.

Hain zuzen, Muamar Gadafi hil eta hurrengo eguneko data –martxoaren 21– idatzia du, finantzaketa ilegala egiteagatik eta dirua bidegabe erabiltzeagatik 2018an Sarkozyri jakinarazi zioten auzipetze agirian.

Geroztik, adar ezberdinak hartu ditu, albo kalte gisa, eskuin hexagonala erreferenterik gabe utzi duen Sarkozyk jokatutako maratoi judizialak.

2021ean kondenatua izan ondoren, hainbat helegite ezarri zituen presidente ohiak.

2012ko hauteskunde kanpaina legez kanpoko baliabideekin ordaindu zuela frogatutzat eman ondoren, kondena irmoa jaso zuen, ordea, aurtengo otsailean, frantziar estatuburu ohiak.

Iraken bezala, AEBtako aliatuek Libian buruturiko interbentzio militarrak eragindako heriotza kopuruak eta suntsipenak gaur arte luzatu den anabasa egoera sortu zuten herrialde horretan.

Bestalde, Harmattan haizeak hegoaldetik iparrerako norabidea hartu ondoren, Gadafiren mamua betiko itsatsita gelditu da Nicolas Sarkozyren biografian.