Nagore Belastegi
DONOSTIA

Gerrako haurrak hartu zituzten familien erretratua egin du Kirmen Uribek ‘Mussche’ eleberrian

Kirmen Uribe idazle ondarrutarrak ‘Mussche’ izeneko bere bigarren nobela kaleratu du Susa argitaletxearen bidez. Gerrako haur euskaldunen gaia jorratu du, Euskal Herritik ihesean Europara alde egin behar izan zuten haurrak zaindu zituzten familiak oinarri hartuta.

Kirmen Uribe idazle ondarrutarrak ‘Mussche’ (Susa) izeneko bere bigarren nobela aurkeztu du gaur Donostian. Gerrako haur euskaldunen gaia jorratu du, baina sentimentalismoan erortzeko arriskua ikusita, Euskal Herritik ihesean Europarantz alde egin behar izan zuten haurrak hartu eta zaindu zituzten familiak hartu ditu oinarri. Familia bat zehazki, Robert Musccherena, alegia.

Mussche Belgikako Gante hirian bizi zen idazle bokaziozko gizon bat izan zen, Johan Daysne idazle flandriar ospetsuaren lagunmina. Roberti buruzko istorioa bere alaba Carmenek azaldutakoari esker jaso zuen eta honek, era berean, bere amak urteetan zehar bildutako dokumentu guztiei esker.

Uriberen esanetan, nobelan benetan existitu ziren hiru pertsonaia nagusi ageri dira, Robert protagonista, bere laguna eta bere emaztea, eta beraien arteko harremana nola aldatzen den ikustea interesgarria da. Hala ere, kontatzen duen guztia ez da benetakoa, «ez da biografia, imaginaziozko eszenak daude». Izan ere, Roberten alabak hala eskatu zion. Gainera, ez zuen istorio itxi bat kontatu nahi, baizik eta irakurleari hutsuneak betetzeko aukera eman nahi zion.