@arianekamio
Donostia

Korrika: «Herri hau euskaraz pentsatuko dugu edo ez da izango»

Amets Arzallusek idatzitako mezua bertsolariak berak irakurri du Baionan, euskalakari oldearen aurrean. Bere aburuz, ama hizkuntza ez da lehen ikasten dena, ez eta amaren magaletik jasotzen duguna, ama hizkuntza pentsamendua sortzen duen hizkuntza da. Eta mezua, argia izan da: «Herri hau euskaraz pentsatuko dugu edo ez da izango».

Mertxe Mujika, AEKko koordinatzaile nagusia, lekukoa eskuan, ibilbidearen amaieran. (Gaizka IROZ)
Mertxe Mujika, AEKko koordinatzaile nagusia, lekukoa eskuan, ibilbidearen amaieran. (Gaizka IROZ)

Goizeko 11.00ak inguruan iritsi da Korrika bere azken portura, Baionara. Hamar egunetan, Euskal Herriko itsaso zabalean nabigatu du, 2.000 kilometro baino gehiago bizkar gainean hartuta.

Boga eta boga joan da herriz-herri eta auzoz-auzo, euskara elkarri emateko beharra aldarrikatuz. Bidean, milaka euskalakari deiadarrarekin bat, zentzu berean arraun eginez.

Baina bidea amaitu du dagoeneko Korrikak. Azken kilometroa egin dute AEKko arduradunek eta ondoren ekitaldia burutu dute ibilbideari amaiera eman eta festari hasiera emateko.

Oraindik jakiteke zegoen nork irakurriko zuen Andoainen lekuko barruan sartutako mezua, eta baita nork idatzi zuen ere. Amets Arzallus bertsolaria izan da biak egin dituena, idatzi eta irakurri.

Sakon aritu da ama hizkuntzaz, eta zentzu berezia eman dio. Bere arabera, ama hizkuntza ez da lehen ikasten den hizkuntza, amaren magalean gaudela jasotzen duguna. Harago joan da Arzallus: Ama hizkuntza pentsamendua sortzen duen hizkuntza da.

Eta pentsamendu pertsonaletik herri mailara jauzi egin du mezu argi batekin. «Herri hau euskaraz pentsatuko dugu edo ez da izango».

Keinua euskara ikasleei ere. «Norbaitek esaten badizue euskaldun berriak zaretela edo euskara ez dela zuen ama hizkuntza, esaiezue zaharra izatea ez zaiola inori gustatzen. Ama hizkuntza ez dela lehen ikasten dena, pentsamendua sortzen duen hizkuntza baizik», esan du.

Hala, «herri hau erditu nahi badugu», euskaraz izan beharko duela amaitu du.

AEKko arduradunen txanda heldu da ondoren. Haien aburuz ere, euskararik gabe ez da Euskal Herririk. Jendea euskarara erakartzeko beharraz mintzatu dira, eta «euskararen gutizia» sortu behar dela ohartarazi dute.

Ondotik, instituzioei deiadarra. «Botere publikoen ardurara deitu nahi dugu, euskal hiztunak sortzeko baliabideak jarri behar baitituzte, baita borondate politikoa ere».

Hainbat alderditako ordezkariak izan dira Baionan, tartean, Maite Ubiria (Sortu), Pello Urizar (EA) edo Rebeka Ubera (Aralar). Ipar Euskal Herriko alderdietako ordezkariak ere, PS, UMP eta MoDem bertan dira. Guztiek batera egin dute kilometroa.

Goiz goizetik jendetza bildu da Baionako kaleetan eta jai giroa da nagusi.

Korrikak egin ditu egin beharreko kilometroak. Orain, festa lehertu da Lapurdiko hiriburuan. Bi urte barru, errepidean izango da berriro.