NAIZ.INFO
BILBO

Ben Swiftentzat izan da bosgarren etapa, esprintean

Sky taldeko Ben Swift txirrindulariak sprintean irabazi du Euskal Herriko Itzuliaren bosgarren etapa, Eibarren hasi eta Markinan bukatu dena. Biharko erlojuparen kontrako saioa bakarrik falta dela, Tinkoff-Saxo taldeko Alberto Contadorrek jarraitzen du sailkapen nagusiaren buruan.

Ben Swift, garaipena ospatzen. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Ben Swift, garaipena ospatzen. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Ben Swift Sky taldeko txirrindulari britainiarra izan da garaile 54. Euskal Herriko Itzuliaren bosgarren etapan (Eibar-Markina-Xemein, 160,2 km).

Hogei bat txirrindularik osatutako tropelak eginiko esprintean nagusitu da Swift. Talde horretan joan dira Alberto Contador eta Alejandro Valverde, bigarren helmugaratu dena.

Sailkapen nagusian ez da aldaketa handirik egon, Contadorrek Valverderekiko duen hamabi segunduko aldeari eusten baitio.

Bihar azken saioa izango da jokoan, Markina-Xemeinen egingo duten erlojuaren kontrakoa (25,9 km).