@Nagore Belastegi
BILBO

‘Gazteontzako Lan Eskubideen Gida’ kaleratu dute Ernaik eta LABek lankidetzan

Ernaik eta LABek klase interesen alde borrokatzeko aliantza bat hasi dute eta horren lehenengo urratsa ‘Gazteontzako Lan Eskubideen Gida’ izan da, gaur Bilbon aurkeztu dutena. Bertan, lan merkatuan edozeinek aurki ditzazken egoerak agertzen dira, legez kanpokorik nabarituz gero arreta jarri ahal izateko.

LABen eta Ernairen gidaren aurkezpena Bilbon egin dute. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)
LABen eta Ernairen gidaren aurkezpena Bilbon egin dute. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

Gazteei zuzenduriko lan eskubideen gida aurkeztu dute gaur Ernaik eta LAB sindikatuak bien arteko lankidetzaren lehenengo fruitu gisa. Honekin, lan munduan langileei, baina batez ere gazteei, sufritzen dituzten gehiegikeriei aurre egiteko tresna bat eman nahi diete. Estatu espainola krisi ekonomikoan dago eta horrek langabezia tasa handiak izatea dakar. Hori dela-eta, larritasunak gainditzeko lanpostuak onartzen dituzte helduek, eta gazteak euren lehenengo aukeraren atzetik dabiltza. Enpresaburu asko egoera horretaz probetxua ateratzen saiatzen dira.

Argitaratu berri duten gidan, lan merkatuan sartu aurretik egin beharreko urratsetatik hasita lan kontratua amaitzen den artekoak azaltzen dira, baita kontratu mota desberdinak ere. Ernai eta LABen gomendioa da legez kanpokoa izan daitekeen edozein egoeraren aurrean sindikatura jotzea, hauen aldarria «borroka kolektiboa» sustatzea baita. «Gazteok lan merkatuan ‘bakarrik’ sartzen garela sinetsarazi digute. Horrela sentitu gara. Bada, beraz, egoera horri buelta emateko garaia», dio gidaren sarrerak.

Ernaik eta LABek «euskal erabakitze-eremua exijitzen» dute alor sozio-laboralean. «Euskal Herrian bizi eta lan egiten dugu, eta berton erabaki behar dugu gure lan harremanen eta gizarte babesaren ereduari buruz», adierazi dute bi erakundeok, Estatu espainiar eta frantsesak lanari buruzko legediaren gaineko eskumen esklusiboa dutela salatzearekin batera.