NAIZ
BAIONA

Bois d'Arcy eta Fleury Merogis espetxeetako euskal presoak protestak egiten ari dira

Estatu frantseseko Bois d'Arcy espetxean dauden euskal presoek protestak egin dituzte patioan kartzelaz alda ditzatela exijitzeko. Fleury Merogiseko emakumeen moduluan ere espetxeratze baldintzak salatzeko protestan ari dira eta gutunak bidaliz beren borrokarekin bat egiteko deia egin dute.

Mediabaskek jakinarazi duenez, Bois d'Arcyko espetxean dauden Iurgi Garitagoitia eta Andoni Lariz euskal presoek protestak egin dituzte patioan, espetxez alda ditzatela exijitzeko.

Ondorioz, martxoaren 17tik 22ra eta apirilaren 5etik 8ra isolamenduan egon dira eta asteartetik «mitard»-ean daude berriro ere. Ostegun honetan espetxe barneko auzitegiaren aurretik pasatzekoak dira, zein neurri diziplinario aplikatu zaien jakiteko.

Fleury

Bestalde, apirilaren 3az geroztik, Fleury Merogis emakumeen moduluN dauden euskal presoak, beste preso batzuekin batera, espetxe administrazioaren aurka protesta egiten ari dira eta babesa galdegin dute.

Azaldu dutenez, espetxeak abian jarri asmo duen sistema aldaketa baten ondorioz, nabarmen okerrera egingo dute baldintzek, adibidez, bisitak jasotzeko edo patiora ateratzeko orduan. Sistema berri horrek aurreikusten du presoek 26 ordu ere eman ditzatela dutxa eta aireztapen sistemarik ez duten ziegetan sartuta.

Hori dela-eta, azken asteotan protestak egiten ari dira eta dei egin dute espetxeko zuzendaritzari gutunak bidaliz beren borrokarekin bat egiteko.

Gutun horretan salatzen da aipatu neurriek «giza duintasunaren aurka» egiten dutela eta, hortaz, presoen aldarriak aintzat hartzeko eskera egiten da.