Jose Mari Eskubi, 60ko hamarkadako ETAko militante ezaguna, hil da Iruñean

ETAren hastapenean kide eta agintari garrantzitsua izan zen Jose Mari Eskubi Larraz «Bruno» atzo hil zen Iruñean. Ostiralean emango zaio azken agurra bertako kanposantuan, eta larunbatean Leitzakoan. Hainbat aldiz atxilotua eta Francoren garaiko errepresioari ihes egiteko atzerrian ibili ostean, gero itzuli zen Euskal Herrira. 74 urte zituela zendu da.

Ramon Sola|IRUÑEA|12/05/2016 13:25
Josemariaeskubi
Jose Mari Eskubi.

Jose Mari Eskubi Larraz, Leitzako familia bateko semea baina urte askotan Iruñean bizi izana, bertan hil da, 74 urte zituenean. Askori ezaguna egingo zaio bere izena, izan ere 60ko hamarkadan sortu berria zen ETA erakundean ardura garrantzitsuak izan zituen, eta horrekin batera kide oso aktiboa izan zen. Bere lehen ekintzetako bat Iruñean eraikitako ‘Monumento a los Caidos’ erraldoiari erasoa egitea izan zen.

1963an atxilotu zuten estraineko aldiz, eta Martutenen eman zituen hilabete batzuk. 1966an abiatutako V. Asanbladan ekarpen garrantzitsua egin zuen Federico Krutwig eta abarrekin batera, eta hori bukatutakoan Batzorde Eragileko kide izendatu zuten; Txabi Etxebarrieta, Juanjo Etxabe eta Jokin Gorostidi, besteak beste, lagun izan zituen ardura horretan.

Urteak pasa ahala, ETArengandik aldendu zen Jose Mari Eskubi. VI. Asanbladan presidente lana egin zuen. Urte horietan Eskubiren izena Tribunal de Orden Publiko-ko (TOP) auzietan sarri ageri zen, bai eta 1970an egindako Burgoseko epaiketaren idatzietan ere.

Ordurako atzerrian zebilen Eskubi. Urte horretan, esaterako, Bruselako Nazio Batuetako egoitzan gose greba abiatu zuen beste hainbat burkiderekin batera. Belgikako Justizia ministroa bera bertaratu zen auzia konpontzeko, eta egun batzuk beranduago errefuxiatu estatusa onartu zitzaien.

Anekdota ugari uzten du bere urte horietako ibilbideak. Garai ilun eta gogorrak ziren. Esaterako, 1964ko abenduan muga zeharkatu nahi zuen etorkin bat akabatu zuen Guardia Zibilak. Antza denez Eskubi harrapatu nahian zebilen, ETAko militanteak aurrerago kontrol batetik ihes egitea lortu zuelako. «Berdea» ezizena jarri zion erakundeak bere barruko komunikazioetan, hainbat kide koloreen bidez identifikatzea erabaki zuenean (hortik datorkio Emilio Lopez Adani ezagunago egin den «Beltza» ezizena). ’Rapport M’ txostenaren egilea izan zen, non ETAren bilakaera aztertu eta zetozen arriskuak nabarmentzen zituen. Mariasun Goenaga «Txiki», emazteaz gain militantzia kidea ere izan zuen.

Franco hil ostean, atzerritik etor zitezkeen Poliziak kaleratutako zerrendan ageri zen Eskubi. Hamarkada bat beranduago, 1985ean hain zuzen ere, komisaldegira eraman zuten berriz (Mario Onaindia, Xabier Izko... eta beste zenbait lagun bezala), oraindik 60. hamarkadako kontu batzuk argitu behar zirela aitzakiapean.

Geroztik Iruñea eta Leitza artean bizi izan da Jose Mari Eskubi, politikan nabarmendu gabe eta elkarrizketarik ere eman gabe. Bere anaia Javier Iruñeko zinegotzia izan zen, Aralarren zerrendetan hautatua. Gaur egingo zaio agurra Iruñeko kanposantuan, gorpua erraustu aurretik, eta bihar Leitzakoan.