Dabid Anaut
EH Bilduko parlamentaria

Nafarroako Parlamentuan Euskararen Lege berri bat onartzeko aukera bat zabaldu da. Sei hilabeteko epean proposamen bat plazaratu behar duen batzorde berezia antolatu da. EH Bilduko parlamentari Dabid Anautekin horren inguruan aritu gara.

«Nafarroako Euskararen Legea aldatzeko aukera bat dugu»
@MartxeloDiaz|IRUÑEA|02/03/2018|3 comentarios
Loading player...

«Aldaketa Nafarroako erakundeetara heltzea eta Euskararen Legea eskema horretan ez egotea ez da erraz ulertzen»

Euskarari buruzko batzorde berri bat sortu da Nafarroako Parlamentuan. Zeintzuk dira batzorde honen helburu nagusiak?

Batzorde hau Osoko Bilkurak ebazpen bat onartu zuelako sortzen da. Ebazpen horretan agintzen zen batzorde berezi bat sortu behar zela, sei hilabeteren bueltan Euskararen Lege berri bat egiteko proposamen bat egiteko. Horrek baditu ere oinarri batzuk, Euskararen Legearen proposamen berri horrek hizkuntz eskubideak bermatu behar ditu. Horrez gain, eta ebazpenak hori jasotzen du, Nafarroan zonifikazioa gaindituko lukeen proposamena izan behar du eta ofizialtasuna lurralde osora eramango lukeena. Beti ere, eta hori ere esplizitoki aipatzen da, errealitate soziolinguistikotik abiatuta eta hori kontuan izanda. Guk horrekin ere ez dugu inolako eragozpenik. Printzipioz, agindua hori da: batzorde hori sortzea eta batzorde horrek epe bat izango du lan egiteko. Horren ondorioz, Parlamentura Euskararen Lege berri baten proposamena ekarriko da. Horretarako, noski, adostasun batera iritsi beharko gara, baina hori da batzordeak duen agindua.

Lege berri horren proposamena egiteko Nafarroako Parlamentuko indarren korrelazioa kontuan hartu beharko da.

Batzorde horrek Parlamentuaren osaketa bera du. Indar politiko bakoitzak ordezkari bat izendatuko du. Zazpi izango dira, berez. Boto ponderatua denez, Parlamentuan dagoen gehiengoa batzorde horretan ere izango da. Beraz, batzorde horrek adostasun hori lortuko balu hori ere Osoko Bllkuran isladatuko litzateke. Beste kontu bat da gai honek zein aldekotasun daukan edo zein kontrakotasun duen. Ikusteko dago noraino iritsi gaitezken. Hortik aurrera, asko esatea da noraino iritsi behar den. Momentu honetan hori ezin dugu esan. Eratzen ari da. Martxoaren 5ean bukatuko da ordezkariak izendatzeko epea eta hortik aurrera Mahaiak lehenengo deialdia egin beharko du. Lehendakari bat izendatu behar da eta planifikazioa prestatu, nola lan egingo duen, zer aztertuko den, nor etorriko den batzordera erabakitzeko... Proposamenak egin beharko dira eta adostu. Asmoa ez da Parlamentuko batzorde itxi bat izatea, baizik eta irekitzea eta beste ahots batzuk honera ekartzea. Adituak, arituak, Euskalgintza edo honen inguruan zerbait esateko duen edonor. Lanketa horren ondorioz etorri beharrekoak etorriko dira. Hori da oraindik aurreratu ezin daitekena.

Gehiagi aurreratzea izan daiteke, baina sei hilabeteko epe horretan ebazpena egiten bada agintaldi honetan bertan Euskararen Lege berria izan genezake.

EH Bilduk hau proposatu zuenean hori zen bultzatu nahi genuena. Guk bagenuen konpromiso bat, aspaldikoa, Euskararen Legea aldatzeko eta lege berri bat egiteko. Hori, jakina da, ez zen adostu akordio programatikoan eta ez zen agintaldi honetako konpromiso bezala sartzea. Guk hasieratik esan genuen ez geniola erronka horri uko egingo eta horrekin jarraituko genuela. Orain aukera hau sortu da, agintaldiaren azken urtean. Sortu da agertoki bat non gutxienez gai hau Parlamentura etorriko den eta eztabaidatuko den. Hortik adostasun batera iritsi ezkero, lege aldaketa etorri liteke. Aukeretako bat da. Hain zuzen, ebazpenak planteatzen duena hori da: Euskararen Lege berri baten proposamen batera iristea. Horretarako, gutxienez laukotearen adostasuna beharko da. Guretzako argi dago: Aldaketa Nafarroako erakundeetara heltzea eta Euskararen Legea eskema horretan ez egotea ez da erraz ulertzen. Batez ere, ikusita lau alderdiok horren inguruan zer esan dugun behin eta berriz, zonifikazioa gainditu behar dela. Laurok esan genuen hori. Hori lortu gabe agintaldia amaitzea arantza zen guretzako. Aldaketak izango zuen hutsune bat. Horregatk eutsi diogu erronkari, azkeneraino jarraitu dugu eta aukera sortu da. Guk energiak eta ahaleginak utziko ditugu hor. Ez dago gure esku, beste eragile batzuk badaudelako, baina ikusiko dugu zer ematen duen. Momentuz lau indarren konpromiso bat dago, ze UPN, PSN eta PP horren aurka daude argi eta garbi. Beste laurok lanketa hori egiteko konpromisoa dugu eta abiatuko da. Ez duguna Euskararen Lege berri bat egiteko konpromisoa da. Ofizialtasunaren kontua aztertzeko dago ere. Nik dudan inpresioa ofizialtasunaz hitz egingo dugula da. Horreterako ere konpromisoa hartu du ere kasu honetan uzkurrago aritzen den I-Ek ere. Behin baino gehiagotan esan dute horretaz hitz egiteko prest daudela ofizialtasuna zer den zehazten bada. Hor dago koxka. Ofizaltasun hori zein baldintzetan ematen den aztertu beharko da, izen-abizenak jarri behar dizikiogu ofizialtasun horri. Orain hor gaude eta hurrengo hilbateotan ahalegina egin beharko dugu hau adosteko. Inora iritsi ahal izateko lan egin beharko da. Eta dexente. Guk behintzat horretarako prest gaude.

Abiapuntua, noski, egun ematen diren eskubide urraketak gainditzea izan beharko du.

Bai. Hemen arrastaka gabiltza 1986an egin zen hizkuntza lege batekin. 30 urte baino gehiago pasa dira. Hasieran zuen akats nagusiena eta funtsezkoa mantendu egiten da, nahiz eta aldaketa txiki batzuk izan, udalerri batzuk zonalde batetik bestera pasa direlako azkenaldian. Zonifikazioa da akats hori eta hizkuntz eskubideak ez daude bermatuak. Legea berak ere hizkuntza politika bat sustatzeko hesi bat jartzen digu askotan. Hori da aldatu behar dena, hizkuntz eskubideak herritar guztiek izan behar dituztelako. Oinarrizko premisa da hau. Ulergarria da. Hizkuntz eskubideen ikuspegitik egungo legea oso murritza da. Erronka handiena hori gainditzean dago. Aspaldiko eskakizuna da eta orain da momentua horri ekiteko. Ea lortzen dugun.