«Eusko Jaurlaritzak zerbitzu minimoak ezarriz greba desitxuratzen saiatu den ez du bere helburua lortu», nabarmendu dute Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan greba deitu duten sindikatuek ohar bateratu batean.
Aurrez eginiko deialdietan bezala, lan hitzarmena eguneratzearen alde gaur hasi duten grebak «jarraipen zabala» izan duela zehaztu dute, %65 ingurukoa.
Bilbon egin duten manifestazioan 5.000 lagun bildu direla ere aipatu dute, «9.000 langile biltzen dituen kolektibo batean».
Gaur hasi eta hilaren 25era arte luzatuko den grebak 200dik gora zentro eta 120.000 ikasleri eragingo die.
Sindikatuek ohartarazi dute grebaren helburuak «erabat argiak, bidezkoak eta aski ezagunak» direla. Izan ere, gogoratu dute sektoreko beharginek hamar urte daramatzatela lan hitzarmena berritu gabe. Lan baldintzak hobetzeak ikastetxeetan eskaintzen den hezkuntzaren kalitatean «eragin positibo zuzenea» izango lukeela ere azpiamrratu dute.
Mobilizazio eta greben dinamika «indartsuak» patronalak mugitzera behartu dituela adierazi badute ere, orain arte planteatu duten proposamena «eskasa» dela iritzi dute sindikatuek.
Hori dela-eta, patronalei eta Lakuari eskatu diete dagokien «ardura eta erantzukizuna» beren gain hartu eta gatazkari irtenbidea emateko neurriak hartzeko.