Andres Osa «SAKONA»

Atutxa eta Urruzuno izan dira garaile 5kirol txapelketa berriaren finalean

Bizkaitarrek pronostikoak bete dituzte eta lau minutuko tartearekin menderatu dituzte Arria V.a eta Eizmendi Bilboko Bizkaia pilotalekuan.

Atutxa eta Urruzuno, txapelak jantzita (Aritz LOIOLA / FOKU)
Atutxa eta Urruzuno, txapelak jantzita (Aritz LOIOLA / FOKU)

Aitzol Atutxa eta Inhar Urruzuno dira 5kirol txapelketa berriaren lehen irabazleak. Finala gaur eguerdian jokatu da Bilboko Bizkaia pilotalekuan, eta frontoiak itxura oso ona izan du, 800 bat pertsona harmailetan eta gaztetxo asko.

Aurreneko lana harrijasotzekoa izan da: 100 kiloko harriarekin, lau txandatan, 100 jasoaldi ematea. Lau txandetan Urruzuno gehiago izan da. Minutu inguruko tartea atera dio Eizmendiri.

Bestalde, aizkoran, Atutxak tartetxoa ireki dio Arria V.ari. Horrela, harrijasotze eta aizkorako lanak bukatuta, tartea honako hau zen: Atutxak eta Urruzunok 27 minutu eta 04 segundo eta Arria V.ak eta Eizmendik 27 minutu eta 56 segundu.

Dena den, txinga eroaten eta ingudea jasotzen tarte handia ireki dute irabazleek. Gauza bera gertatu da azken lanean, trontzan, zuloa handitu egin dute. Horrela, lan guztiak amaitu ondoren, Atutxa eta Urruzuno bikoteak 41 minutu eta 17 segundoko denbora lortu du, eta Arria V.ak eta Eizmendik 45 minutu eta 35 segundokoa.

Final horren aurretik, bi emakume marka handi bat ondu nahirik plazaratu dira. Nerea Egurrola getxoztarra eta Garazi Arruti bilbotarra Xanta Sousa lesakarrak 25 kiloko txingekin egin zuen marka ontzen saiatu dira. 55 plazan jarri zuen aspalditxo Sousak marka, eta ezin izan dute ondu: Garazik 29 plaza eta 25 metro egin ditu eta Nerea Egurrolak 51 plaza.

Lazkaon, Larrañaga eta Alberdi aurrera

Lazkaon, jaiak tarteko, Urrezko Aizkolarien ekitaldi berri bat jokatu da. Julen Alberdi "Txikia IV.a",  Mikel Larrañaga eta Eneko Otaño neurtu dira. Irabazleak aurreneko biak izan dira eta hurrengo kanporaketa jokatzeko txartela lortu dute.