Hazparneko pilotariak ekainaren 23an herriko festen baitan egindako ekintza honen bideoa abuztuaren 9an eman zen ezagutzera. Kasualitatez Brigitte Bardot Fundazioak imaginak sareetan deskubritu zituen, ekintza "krudelkeria doilor" gisara definitu zuen, eta hortik zabaldu egin zen. Ondoren animalien babeserako elkartea den 30 millions d'amis elkarteak salaketa jarri zuen Baionako epaitegian.
Orain fiskaltzak, ikerketa egin eta gero, karguak aurkeztea erabaki du. Legediaren arabera Larraldek bi urteko zigorra eta 30.000 euroko izuna izan ditzake zigortzat. Irailean izanen da deitua epaitegira.
Bixente Larralderen izen bera duen Landetako 20 urteko gizon batek ere salaketa jarri du bere kontra, polemikaren ondorioz jasotzen ari den mehatxuengatik. "Kalte moralarengatik" salatu du, eta France Bleu irratian erran duenaren arabera, pilotaria sare sozialetatik berehala deskonektatu zen, bera utziz jendearen haserreen eta mezuen helburu bakartzat.
Polemika eta mehatxuak
Berriak oihartzun handia izan du sare sozialetan, eta ondorioz mundu osoko hedabideetan ere agertu da. Sare sozialetan mota guztietako oharrak eta mehatxuak zabaldu dira. Heriotz mehatxuak ere helarazi dizkiote 22 urteko esku pilota jokalariari.
Mes Opinions webgunearen bitartez sinadura bilketa bat egiten ari da Estatu frantseseko euskal pilota talde ofizialetik kanporatua izan dadin. Orain arte ia 73.000 sinadura bildu dira.
Euskal Pilota Federazio Frantsesak agiri bat zabaldu du, non erraten duen eremu judiziala ez dela bere erabakitze eremuaren baitan, eta «jokalaria sostengatu izan dutenei egoera zail honetan moderazioa erakutsi» dezatela.