NAIZ

Parisek ezarritako zigorra beteta, Iparragirre etxeratzeko ordua dela aldarrikatu dute

Pasa den astean agortu zuen frantziar auzitegiek jarritako zigorra baina Reau-ko kartzelan dute oraindik Marixol Iparragirre, itxuraz asteazken honetan Espainiaratu eta Madrilen espetxealdi berria ezartzeko asmoz. ‘‘Marixol etxera’’ aldarrikatu dute, horren aurrean.

Marixol Iparragirre.
Marixol Iparragirre.

Asteazken honetan gerta daitekeenari aurre egiten dio Eskoriatzako Presoen Aldeko Plataformak eta Donostiako Antiguako Kalera Kalerak zabaldutako adierazpenak. «Marixol etxea» du izenburu eta, besteak beste, bere herritik kanpo 38 urte eman dituela eta Parisek ezarritako zigorra agortu duela kontuan harturik, etxeratzeko ordua dela nabarmentzen du.

Abuztuaren 27an bete zuen franziar auzitegiek jarritako 20 urteko kondena, baina oraindik ere Reau-ko kartzelan dute Marixol Iparragirre Guenetxea. Eta espainiar ajentzien filtrazioen arabera asteazken honetan Espainiaratzeko asmo dute, Madrilen epaitu eta zigor berria ezarri nahiean. 1995ko atentatu bat aipatu izan da azken egunetan, zeinean ETAk Armadako komandante bat hil zuen, Leonen. Baina gaur asteartean, Auzitegi Nazionalean guztira hamabi auzi dituela irekita ziurtatu du Efe ajentziak.

Adierazpenak jasotzen duenez, «akusazioak haizatzen hasi dira, horiek frogatutzat baleude bezala eta Iparragirreren kondena ziurtzat emanez eta bere askatasuna oztopatzeko giroa sortuz (...) Bere aurka Espainiako Entzutegi Nazionalak igorritako euro-agindu eta estradizio eskaerak polizia-etxe eta Guardia Zibilaren kasernetan torturapean erauzitako aitorpenetan eta polizia zerbitzuek eraikitako frogetan oinarritutako dosierrak baitituzte oinarri. Gainera, egozten zaizkion egitateak oso aspaldikoak dira, berriena duela bi hamarkada baino gehiagokoa».

Eskoriatzako presoa azken urteotako aldaketan «aktibo eta eragile nagusia» izan dela eransten du idatziak. Lehenik, EPPKren bozeramaile gisa, barne eztabaida estrategikoaren emaitza jakinarazi zuen 2013 abenduan. Gero, Kolektiboaren ordezkari bezala Ipar Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat ordezkari politikoekin harremana izan du (Brisson, Bru eta Bove, besteak beste, berarekin elkartu ziren 2017ko abenduan). Eta azkenik, «ETA erakundeak bere desegitearen berri ematen zuen agiriari ahotsa jarri zion iazko maiatzean».

«Hori guztia eta horren atzean gordetzen den ekimena da hedabideen kanpaina iraingarrien bidez estali nahi dena, Iparragirre epaitu gabe aurretiaz kondenatuz eta bere kartzelaratzea ezinbesteko bihurtzeko giroa sortuz. Eta, alderantziz, bere askatasuna eskandaluzkoa edota gertaezin», eransten du adierazpenak.

«Etxeko baratza zaintzera»

Honela amaitzen da: «20 urte zituen Marixol Iparragirrek torturatu eta ihes egin behar izan zuenean. 38 urte igaro dira geroztik. Berak borrokatu zuen erakundea ez dago jadanik. 86 urte bete berri dituen bere ama Maria Luisa Guenetxeak, hitz egin zuten azken aldian, agindu argia eman zion alabari: ‘Marixol, etxera! Nik jada erabili ezin dudan aitzurra zain duzu etxeko baratza lantzeko’».

Gertatzen dena gertatzen dela ere, elkarretaratzea deitu dute Eskoriatzako plazan, 19.30etan, ‘‘Estradiziorik ez, Marixol etxera’’ lemapean.