‘Lurra eta dardara’, zortzi emakume poetaren ahotsa

Zortzi ahots, zortzi emakume, zortzi poeta euskaraz. Inoiz egin ez den antologia plazaratu du Balea Zuria argitaletxeak. ‘Lurra eta dardara’ lanak Amaia Lasa, Itxaro Borda, Tere Irastorza, Amaia Iturbide, Miren Agur Meabe, Aintzane Galardi, Castillo Suarez eta Leire Bilbaoren obraren printzak biltzeaz gainera, bakoitzak argitaratu gabeko bi poesia aportatu ditu.

Oihane LARRETXEA|DONOSTIA|29/11/2019
Antologia
Aintzane Galardi, Tere Irastorza eta Itxaro Borda izan dira aurkezpenean. (Jon URBE I FOKU)

Poetak denak, emakumeak guztiak. Euskaraz idazten dute poesia, euskaraz hustutzen dira paperaren gainean. Batzuk, duela 50 urte hasi ziren idazten, beste batzuk beranduago, antologia honek bildu dituen obrak kronologikoki idatziak eta ordenatuak baitira. Amaia Lasa, Itxaro Borda, Tere Irastorza, Amaia Iturbide, Miren Agur Meabe, Aintzane Galardi, Castillo Suarez eta Leire Bilbao. Lehena, 1948an sortu zen Getarian, azkena 1978an, Ondarroan.

Balea Zuria argitaletxeak eman du urratsa, izan ere orain arte ez baitzen antologia bat existitzen soilik emakumeek euskaraz idatzitako poesia biltzen zuena. Eta beste asko kanpoan gelditu dira. Aukeraketa bera izan da zaila, editoreek gaur aurkezpenean aitortu dutenez. Behin izenak erabakita, egileei beraiei utzi zitzaien erabakitzen beren obraren zein pieza nahi zituzten berreskuratu. Baldintza bakarra jarri zen mahai gainean: bi poema inedito aportatu behar zituen bakoitzak.

Emakumetasuna da haria, hori baino ez eta hori dena dute amakomunean egileek eta narratzen dituzten gaiek. Izaskun Gracia poetak berak egindako hitzaurrean, «bilduma honen zereginik inportanteena ez da kanon bat ezartzea, baizik eta proposamen sorta bat eskaintzea (…) eta agian, beste ahots batzuk entzun edo irakur ditzala lortzea».

Donostiako Udal Liburutegian egin den aurkezpenera gerturatu dira, editoreekin batera, Tere Irastorza, Itxaro Borda eta Aintzane Galardi. Atzera begira jartzea ariketa izan da, iragan denboretara egin dute hegan orduan sortutako piezetan murgildu eta aukeraketa egiteko. Irastorzak berak adierazi duenez, ‘Gabeziak’ bere lehen poesia liburutik ez du ezer «erreskatatu», baina gaur egungo begiradatik «kontzeptua» salbatuko lukeela berretsi du. Denbora asko pasa da, eta ohartu da «zenbat amodio mota» dauden, baita ere «amodioaren beharra» badugula, «elkarren beharra». «Bizi ahal idatzi dut, eta idatzi ahala bizitu dut», adierazi du. Hortxe kokatu du, adibidez, amatasunak berak izan zuen eragina bere sorkuntzan eta gorputzari letretan jarri zion arreta, besteak beste.

Bordaren ibilbidea ere ezin uler daiteke poesia gabe. ‘Just love’ (1988), ‘Orain’ (1998) eta ‘Medearen Iratzartzea’ (2012) bildumak aipatu ditu argitaletxeak. Antologiarako ‘Izaro boreal’ eta ‘Maite dugunaz’ pieza argitaratugabeak hautatu ditu. Bere hastapenak gogoratu ditu, eta bereziki 1985an idatzitako bat: ‘Krokodil bat daukat bihotzaren ordez’. «Iruditzen zait poema hori idazteagatik soilik naizela poeta», esan du.

‘Lurra eta dardara’ lana Durangoko Azokan izango da. Argitaletxeak iragarri duenez, aurkezpena egingo dute abenduaren 5ean Ahotsenean, 13.30etan.