Naiz

Bizkaiko hamar Simply saltoki erosteko akordioa egin du Eroskik

Eroskik hitzarmen bat egin du Sabeko Banaketa enpresarekin honek Bizkaian dituen hamar supermerkatu erosteko. Simply izenez ezagunak diren saltokiak dira hauek eta Basaurin, Bilbon, Erandion, Galdakaon, Getxon eta Santurtzin daude.

Bilboko Simply saltoki baten langileek duela bi urte eginiko protesta. (Marisol RAMIREZ / FOKU)
Bilboko Simply saltoki baten langileek duela bi urte eginiko protesta. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Sabeko Banaketa enpresarekin akordio batera iritsi da Eroski, Simply izeneko hamar supermerkatu erosteko Bizkaian. Honako udalerri hauetan daude saltoki horiek: bost Bilbon eta supermerkatu bana Basaurin, Erandion, Galdakaon, Getxon eta Santurtzin. Eroskik zehaztu du gutxi gorabehera 8.500 metro koadroko azalera komertziala hartzen dute denak batuta.

Eroskik jakinarazi du mantendu egingo dituela erositako saltokietako lanpostu guztiak, lehengo lan baldintza berdinetan.

Operazio hau gauzatzeko, Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordearen onarpena jaso beharko du kooperatibak. Onartu ondoren, Eroskiren asmoa da dendak berritzea eta ‘Zurekin’ eredura egokitzea. «Hala, elikadura osasungarria eta jasangarria sustatuko ditu, ardatza tokian tokiko produktuetan eta sasoian sasoiko freskoetan ipinita eta arreta pertsonalagoa emanda», azpimarratu du enpresak.

Hamar supermerkatu horiekin, Eroskiren asmoa da 75 saltoki irekitzea 2020an. Kalkulatzen dute ia 300 profesional batuko direla Eroskiren taldera. Iritzi dute, operazio honekin, are gehiago indartuko dute penintsula iparraldean duten sarea, «denda propioak zabalduta edo frankiziatuak eginda», azaldu du Eroskiren Sare Komertzialeko zuzendari nagusi Rosa Carabelek.