
Koronabirusak eragindako egoera dela eta, etxerako buelta ez da izango berak aurretik aurreikusi bezala, baina albistea hauxe da: gaur goizean aske gelditu da Oskar Calabozo euskal presoa. Cordoban egin du kartzelaldiaren azkeneko urte mordoa, etxetik 800 kilometrotara beraz, eta bertatik atera da.
2002. urtean atxilotu zuten Oskar Calabozo Casado, ETAko kidea izateagatik. Kartzelaldiaren gogortasunaren seinale garbia da isolamendu modulu batetik atera dela gaurkoan. Eta koronabirusaren krisialdiaren erdian garelarik, herrira heltzeko zailtasun nabariak gainditu beharko ditu oraindik.
Sakabanaketaren biktima izan da bera, bai eta bere ondokoak ere. 2018ko uztailean, bera bisitatu ondoren Cordobatik zetozen bi lagunek eta haren urtebeteko semeak istripua izan zuten, gurpil bat txikituta gelditu ostean. Ez zuten kalte fisikorik izan, baina ezin izan zuten bidaia ibilgailuan jarraitu.
Beste adibide bat emateagatik, aurretik, 2016. urtean, Cordobara zihoan senideen furgoneta bi aldiz geldiarazi zuen Guardia Zibilak, armaz eta oso modu txarrez. Gidaria lurrean etzanda izan zuten eta furgoneta gotik behera arakatu zuten uniformedunek.
Cordobako Alcolea espetxean zortzi euskal preso gelditzen da oraindik: Iñaki Alonso, Xabier Gallaga, Ibon Muñoa, Xabier Perez Aldunate, Igor Portu, Xabin Usandizaga, Gorka Vidal eta Anabel Egues.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo
