AHTren dirutza pandemiari aurre egiteko baliatzea eskatu du Ekologistak Martxanek

«Lotsagarritzat» jo du Ekologistak Martxanek Covid-21aren pandemiak dituen behar larriak begibistakoak izanda Abiadura Handiko Trenaren lanekin aurrera segitzea. Lan istripuak ekiditeko ere, bertan behar uzteko eskatu du.

NAIZ|26/03/2020
20130521_tav
AHTren lanak Cadreitan abiatu ziren, Nafarroari dagokion zation. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

Nafarroan zabaldutako ohar baten bidez, Abiadura Handiko Trenaren lanak bertan behera uzteko esijitu du Ekologistak Martxan elkarteak. Izan ere, koronabirusaren pandemiak lehentasunak aldarazten ditu, nabarmen, aurrekontu alorrean zein osasun arretari dagokionez.

«Une hain zailetan, diru publikoa honela xahutzea lotsagarria da», adierazi du elkarte ekologistak. Besteak beste, ulertezintzat hartu du erietxeetan mediku, erizain eta bestelako langileentzako beharrezko materialik ez izatea eta aldi berean lan horiekin aurrera egitea, aurrekontu itzelak bideratuz.

Lan istripuen arriskua ere aipatu du Ekologistak Martxanek bere mezuan, jakina baita jada hildako batzuk eta zauritu ugari eragin dituztela AHTren lanek, batez ere EAEn. Eteten ez bada, berriro gerta daitezkeela eta honek erietxeetan dagoen egoera larrian beste zama bat ekarriko lukeela ohartarazi du.

Aurrerantzean ere, makroproiektu hori birpentsatzeko beharra nabarmendu du Ekologistak Martxanek, bai eta betirako bertan behera uzteko aldarria berretsi ere. «Osasun krisi honi krisialdia soziala eta ekonomikoa erantsiko zaizkio, eta baliabide guztiak horretara bideratzea beharko dugu», adierazi du elkarte ekologistak, etorkizun hurbilera begiratuz.

 

 

NAIZ
Loading player...


KONPROMISOA, ERANTZUKIZUNA, ZORROZTASUNA

 

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, martxoaren 30etik aurrera, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.