Ipar Euskal Herriko antzerki festibal garrantzitsuenetakoa den Hendaiako Antzerkiaren maiatza ez da ospatuko, koronabirusaren pandemia gelditzeko abian den konfinamenduaren ondorioz.
Egoera berezi hau dela eta, ekainera arte ordainduak ziren abonamenduak 2021eko uztailera arte baliagarriak izango dira. Bestalde, 2020-2021eko denboraldi kulturalera abonamendua prezio erdian jarri du Herriko Etxeak. «Kultura lagundu eta abonamendua hartzeko baliatu ezazu!» lelopean, 11 euroren truke, herrian 2021era arte ospatuko diren ekitaldi guztiak prezio erdian ikusteko parada eskaini dute.
Konpainiekin elkarlanean
Herriko ekitaldi kulturalak koronabirusaren krisia bukatuko delarik hasiko dira berriz. 2020-2021 kultura denboraldia irailean abiatuko da, eta orduan Antzerkiaren maiatza festibalean ikusi ezin izan diren obra batzuk eskaini ahal izatea espero dute Herriko Etxetik.
Iturri berberek baieztatu dutenez, kontratatuak ziren antzerki konpainiekin elkarlanean ari dira data atzerapen horiek gauzatu ahal izateko. Denboraldiaren baitan ez bada, heldu den urteko jaialdiaren edizioan programatu ahal izatea espero dute.