A fondo
Himalaia Handiko bidea

Great Himalaya Trail (GHT), alegia, Himalaia Handiko Bidea bidaiak gustuko dituzten mendizaleentzat xede arras erakargarria da. Mendi garaien erreinuaren oinarrian egiten den zeharkaldia da: ekialdetik mendebaldera. Mendizaleentzat paradisua den alderdi erraldoi hori zeharkatzeaz gain, bidaiariak aukera ezin hobea izango du Nepalgo eskualde ezberdinak ezagutzeko.

Andoni Arabaolaza|05/05/2020
136_07_arabola35
Sergi UNANUE.

Great Himalaya Trail (GHT) zeharkaldiaren sarean sartu direnak ez dira asko. Oso espedizio gutxik izan dute bide hori biribiltzeko aukera. Sergi Unanue eta Dani Benedicto dira ohore hori lortu duten bakarrenetarikoak.

Zeharkaldiak mahai gainean jartzen dituen datuak ez dira batere samurrak: 1.700 kilometro eta 175.000 metroko goranzko desnibela. Bada, bidaiari katalan hauek 99 egun behar izan dituzte munduko zeharkaldi zailenetarikoa burutzeko. Gainera, indarrean jarri duten estiloari azpimarra egin behar zaio. Autosufizientzian egin dute; hots, gidarien eta zamaketarien laguntzarik gabe. 99 finisherren artean, estilo horretan bukatu duten gazteenak izan dira. 26 urte dituzte biek.

Baina zifrak eta errekorrak alde batera utzita, ezagut dezagun bidaiari hauek GHT zeharkaldian izan dituzten zuzeneko esperientzia eta zailtasunak. Ez zuten mendia neguko baldintzetan ezagutzen. Hala ere, pronto ziren mendia eta bidaia uztartzen dituen helburu hori aurrera eramateko.

ARGAZKIA: Sergi UNANUE

Unanuek 7Hri onartu dionez, Himalaiako espedizio hau orain arte egin dituzten bidaia handien barruan kokatzen da: «Eskuarki, Danik eta biok ez ditugu bidaiak elkarrekin egiten. Pare batean soilik aritu gara batera; izan ere, arriskutsuegia iruditzen zitzaigun nork bere aldetik egitea. Lehen aldia Mongolian izan zen. Pare bat zaldi erosi eta herrialde horretako estepan zehar ibili ginen; nomaden eta arrano-ehiztarien bizitzan gehiago sakontzeko. Ordura arte Instagram-en eta pare bat telefono deiren bitartez izan genuen kontaktua. Mongoliako hori elkarrekin egin genuen lehen bidaia izan zen, eta den-dena primeran atera zitzaigun. Ondoren, bakoitza bere aldetik ibili gara. Baina Danik GHTaren erronka ezagutu zuenean, elkarrekin joateko proposamena egin eta nik baiezkoa eman nion. Zer esan nahi dut horrekin? Bada, abentura bidaiaren beste zati bat dela; berezia zein muturrekoa. Beste erronka batzuk bezala, honetan ere pentsamolde berarekin jardun dugu: ikusminarekin, asmo handiarekin eta geure mugak aurkitzeko benetako borondatearekin».

ARGAZKIA: Sergi UNANUE

Lehen urratsak Kangchenjungako trekkingean egin zituzten, eta, ondoren, beste batzuk lotu zituzten: Makalu Barun, Solokhumbu, Rolwaling Himal, Helambu, Langtang, Manaslu, Annapurna, Dolpa... Negua tartean eta goi mendian inolako eskarmenturik gabe. Pioletak eta kranpoiak, jakina, bizkar-zakuetan sartuta zituzten, 5.000 metrora zeuden hainbat mendate gainditu behar izan zituztelako.

Saltsa hauetan esperientziarik ez zuten baina, Unanuek aipatu duenez, bizipen berrien bila joan ziren: «Bidaietan eskarmentu handia dugu; alpinismoan edo goi mendietan, ordea, batere ez. Elkarrekin gaudenean estres egoeretan bikain moldatzen gara: jakin badakigu esku-frenoari noiz eragin, perspektiba orokor bat sortu eta erabaki egokienak hartu. Glaziarrak zeharkatzen bizi izan ditugu une arriskutsuenak. Kranpoiak eta pioletak eraman genituen; ez, ordea, soka eta arnesa. Loteria bat zen: ez genekien gure oinen azpian artesiren bat edo zuloren bat ote zegoen. Alabaina, onartu behar dut Himalaian 99 egun igaro ondoren, mendiekin erabat maitemindu naizela. Paisaia edo ikuspegi bakoitzak sentimendu ezberdin bat sortzeko boterea zuen. Asko harrapatu nauten emozio ederrak izan dira».

ARGAZKIA: Sergi UNANUE

Hamalau zortzimilakoetatik zortzi Nepalen daude, eta, beraz, mendiak leku berezia du zeharkaldi horretan. Baina, bidaiari katalan honek baieztatu nahi izan digunez, helburu nagusietariko bat Himalaiako herritarrak ezagutzea izan da. Nepal herrialde txiroa da oso, eta azken urteotan alderdi jakin batzuetan turismoak gainezka egin du. Ez dira eroso sentitu ikusi dutenarekin; hori argi eta garbi dute:

«Herritarrekin izan dugun harremana espedizio honetako dezepzio handiena izan da. Himalaiako herritarrek dirua soilik ikusten dute. Kolpe gogorra hartu dugu. Uste genuen harreman horiek abenturaren osagai garrantzitsuena izango zirela. Baina buruko min asko sortu dizkigu! Turismoari esker, Nepal hazi egin da; hori bai, kontrolik gabe. Turismo agentziek informazio emari guztia kontrolatzen dute, eta trekkingen inguruan ikuspegi faltsua ematen dute. Etxetik ikusita, badirudi gidaririk gabe ezin duzula irteerarik egin. Nepalgo kultura eraldatzen ari da. Bere ohitura tradizionalak aldatzen doaz, eta egun ez da herrialde hain abegitsua. Diru kopuru handi jakin bat ordaintzen baduzu, orduan irribarre egingo dizute eta errespetuz tratatuko zaituzte. Bidaiaren lehen 80 egunetan makina bat hartu-eman txar bizi izan genituen. Tartean soilik interes ekonomikoak zeuden, eta kulturala desagertu zen. Bidaiariaren jarrerak ere den-dena markatzen du. Guk turismo jasangarriaren alde egiten dugu, gure jarrerek herritar horiengan eragin zuzena izateaz gain, hurrengo bidaiarien esperientzia baldintzatu dezaketelako. Zorionez, azkenengo 19 egunetan egoera pixka bat hobetu zen. Urrutiko eskualdeetan batez ere, non masa-turismoaren pozoia ez den heldu. Eroso sentitu ginen eskualde bakarrak Dolpo, Jumla, Mugu eta Humlan izan ziren».

ARGAZKIA: Sergi UNANUE

Une bereziak

Nepalera herrialde epelagoetatik iritsi zirenez, bidaiari katalan hauek mendirako tresneria egokia erosi behar izan zuten: jaka teknikoa, kanpin-denda, lo-zakuak... Denera, 1.000 euro gastatu zituzten. Eta beste 1.000, zeharkaldiaren 99 egun horietan otorduetarako zein ostatu hartzeko. Beraz, 10 euro eguneko. Agentziek kobratzen dituzten 30.000 edo 35.000 euroekin alderatuz gero, bada... Unanuek aipatu digunez, Nepalgo ohiko sistema erabiltzen zuten: «Eskuarki, platerkada tipikoa ordaindu, eta horren ordez ostatu ematen ziguten. Batzuetan lurrean egiten genuen lo. Eta zortea bagenuen, ohe bat uzten ziguten. Jakina, kanpadendetan makina bat gau igaro eta otorduak guk geuk prestatu genituen. Autosufizientzian egin dugu, turismo alternatiboan sinesten dugulako. Bidaiari erromantikoak gara. Bidaia jasangarriak eta ekonomikoak bilatzen ditugu, uste baitugu askoz ere aberatsagoak eta didaktikoagoak direla».

Bestalde, GHT zeharkaldiaren inguruan informazioa biltzen ari zirenean, zalantzaren bat edo beste sortu zitzaien.
Protagonista honek onartu duenez,  horietako bat bereziki bidaiaren giltza izan zen. Internet zein gida turistikoak arakatzean, ohartu ziren gainditu behar zuten mendate edo lepo batek buruhausteak emango zizkiela. Ez zuten behar adinako eskarmentu teknikorik: «5.800 metrora dagoen Tashi Lapsta zeharkatu behar genuen; hain justu, espedizioak hilabete bete zuenean. Konturatu ginen Interneten zein gidetan gezur galantak botatzen direla. Horiek zioten sekzio horrek ‘zailtasun handiak’ zituela eta hura gainditzeko gidariak kontratatu behar genituela. Guk mendizale australiar bati aholkua eskatu genion. Eta erabaki genuen ezinezkoa bazen atzera egingo genuela. Egun horretan gaixotu nintzen; mendiko gaitzak jota nengoen. Zorionez, pixka bat arindu eta aurrera segitzeko aukera izan nuen. Eta hori izan zen egun horretako eragozpen bakarra. Esperientzia polita izan zen, soka finko batzuetatik igo eta lehen aldiz kranpoiak eta pioletak erabili genituelako. Tashi Lapsta gainditzea inflexio puntu bat izan zen. Horrek aukera eman zigun GHT zeharkaldiaren muturreko bidetik jarraitzeko. Eta, gainera, ausardia eman zigun izaera bereko egoerei aurre egiteko».

Antzeko egoera izan zuten Tilman’s Pass mendatean (5.400 m). Ziur aski, hori izan zen zeharkaldiko une kritikoena. Batik bat, jaitsieran; elur asko zuten. Alabaina, Unanuek dio oroitzapen biziena igoeran izan zutela: «Eguzkia goian genuen, eta mugimendu asko zegoen. Mendi hegal batzuetatik luiziak zeuden. Eta beste batzuetatik, berriz, izotz bloke erraldoiak erortzen ziren. Arriskuaren edertasuna aurrean zegoen, eta une oro alerta egoeran ginen. Ikuskizun pribatu moduko bat izan zen; kranpoiekin eta pioletekin egiten ari ginen igoera hori deskribatzea zaila egiten zait. Oso dibertigarria izan zen».

ARGAZKIA: Sergi UNANUE

Oinutsik eta izotzetan

1.700 kilometrotan eta 99 egunetan gordetako oroitzapenak bata bestearen atzetik iristen zaizkie. Ez dituzte arlo pribatuan gorde nahi; ez horixe. Eta hala, ia arrapaladan, bidaiari honek  ibilbidean zehar oinutsik zeharkatu behar izan zituzten ibaien inguruan izaniko bizipenak kontatu dizkigu: «Ura erabat izoztuta zegoen. Bidezidorrak ia txikituta zeuden, urrutiko leku horietan ez zegoen errepiderik eta zubi bat aurkitzea luxu bat zen. Oinetan izozketa-sintomak saihestea zen geure helburua; horren beldur ginen».

Hain zuzen ere, egoera horrek beste batera eraman du Unanue. Eta izozketak dira berriro protagonistak. Dolpon ziren, hots, Himalaia Handiko eskualde ospel zein basatienean. Hotz handia egiten zuen: -20 gradu. Katalanak goiz jaiki ziren; agian, goizegi. 4.700 metrora zirela, Unanueren atzamarrek ez zuten erreakzionatzen: «Makilak esku-azpiarekin mantendu behar nituen; hots, jarrera ez ortodoxo batean. Zorionez, ez zen egun lainotsua. Eguzkia atera zen, eta, zelai batean etzanda nintzela, nire hatzak pixkaka beren onera etortzen hasi ziren. Ez nuen izozketarik izan, prozesu horren hastapenetan baino ez nengoen. Hala eta guztiz ere, hatzak beren onera etortzeko aste batzuk behar izan nituen».

Azkenik, bidaiari katalanak Renjoko mendatean izaniko bizipenak aipatu dizkigu. Den-denak bereziak izan dira, baina Sagarmathako Parke Nazionalak eskaini zien ikuspegia inoiz ez duela ahantziko baieztatu digu: «5.300 metrora zaude, eta Gokyo lakua parez pare. Eta ez oso urruti, Nepalgo glaziar handiena. Baina benetako ikuskizuna baloratzeko bista altxatu behar genuen. Dozenaka mendi ikaragarrik zerua urratzen zuten. Eta horietako bost nabarmentzen ziren: Cho Oyu, Makalu, Lhotse, Kangchenjunga eta Everest. Guztiak ala guztiak 8.000 metrokoak. Ez dut uste munduan horrelako ikuspenik dagoenik».

ARGAZKIA: Sergi UNANUE

ENLACES

 

 

NAIZ
Loading player...


Koronabirusaren krisiak kaltetutako taldeei laguntza ekonomikoa eman eta euskal musikaren industria babestu eta kulturari egiten dion ekarpena balioan jarri nahi du NAIZ Kontzertuak ekimenak.

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.