Udazkenean ikastolen aldeko jaiak ospatzeko aukera ikusten du Ikastolen Elkarteak

Udazkena udaberri berri bihurtuz, ikastolen aldeko jaiak ospatzeko determinazioa du Ikastolen Elkarteak. «Bateren batek esango digu zoraturik al gauden, bizi dugun garaiotan jende multzo handiak biltzea ezinezkoa dela. Gaurko egoeran, noski, hala da. Udazkenera begira jarriak gara, ordea, agertoki desberdin batera, eta uneotan, aukera ikusten dugu», adierazi du Koldo Tellituk.

NAIZ|20/05/2020
Senpere
Iazko Herri Urratsen, Senpereko lakuaren inguruan gozatzen. (Gillaume FAUVEAU)

«Udazkenean udaberri berri bat edukiko dugu». Iragarpen baikorra egin du Ikastolen Elkarteak. Duela aste batzuk, ikastolen udaberriko jaiak atzeratu egin zituztela iragarri zuten, baita hurrengo asteetan berauek udazkenean egiteko aukera aztertu eta datak bilatuko zituztela ere.

Horretan aritu dira asteotan, jai guztiok elkarlanean, daten egokitasuna ikusten, jarritako helburuak betetze ahal diren aztertzen, udazkenean ospakizunak egin ahalko diren aurreikusten… Eta faktore horiek eta beste zenbait aztertu eta gero (logistikakoak, osasun eta segurtasun prebentziozkoak…), udazkenean ikastolen aldeko jaiak ospatzea erabaki dute.

Hala azaldu du Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak prentsaurreko birtual batean. «Datak gerturatu ahala, ikusiko dugu aurrera egin dezakegun, edo atzera egin beharko dugun; baina, gaur-gaurkoz, determinazio osoa dugu jaiak ospatzeko», azaldu du.

«Ez dugu etsi nahi, ez direlako jai hutsak»

Ez dute etsi nahi, «jai hauek ez direlako jai hutsak». Jendea, noski, ongi pasatzera dator, dibertitzera, dantzatzera, lagunekin egun eder bat igarotzera… Baina jai hauek helburu ugari dituzte: auzolanaren bidez ikastolen artean eta ikastolen eta herrietako eragileen artean harremanak estutzea; euskal kulturari bost plaza handi eskaintzea; euskarari bozgorailu handi bat jartzea; eta hainbat proiektu aurrera ateratzeko finantzaketa lortzea.

«Urte osoan lanean aritu diren boluntario andana, gure jaietan parte hartzeko konpromisoa hartu zuten kantari, musikari, dantzari, pailazo eta artista guztiak, azpiegituraz arduratzen diren guztiak, gure babesle eta laguntzaileak, guztiak kontuan hartzen ditugu. Egin duten lan horrek guztiak, gurekiko erakutsi duten konpromiso eta atxikimenduak gure aurtengo jaiei eusteko ahalegina egitera behartzen eta bultzatzen gaituzte, eta guztiak aintzat hartuko ditugu udazkenerako. Mila esker guztiei», adierazi du Tellituk.

«Ardura eta erantzukizunez jokatuko dugu, noski, eta osasuna bermatzeko prebentzio neurri guztiak ezarriko ditugu: formatu egokituak, jan-edana baldintza seguruetan eskainiz, garbiketa sakonduz...», erantsi du.

Nafarroa Oinez ez da egingo

Datak ere ezarri dituzte. Hauexek dira: irailaren 20an, duela egun batzuk aurreratu bezala, Herri Urrats ospatuko dute Senperen; urriaren 4an, lehendik iragarrita zegoen bezala, Kilometroak jaia Amasa-Villabonan eta Zizurkilen; eta urriaren 18an, Araba Euskaraz eta Ibilaldia ospatuko dituzte Amurrion eta Elorrion. Bi jaiak egun berean izango dira, bi herri eta lurralde desberdinetan, baina bien arteko lotura ere egingo dute.

Lau jai aipatu dituzte bakarrik. Urriaren 18an Nafarroa Oinez egitea aurreikusita zuten, Lizarran. «Tamalez, ordea, beste jaiek ez bezala, Lizarrako ikastolak eta Nafarroa Oinez fundazioak ikusi dute ez direla baldintzak ematen beren jaia aurten ospatzeko, eta hurrengo urtera atzeratu dute. Kolpe latza da Nafarroako ikastolentzat eta bereziki Lizarra ikastolarentzat; baina orain arte egin dugun moduan, elkartasun ekimenak gure artean bultzatuz, aterako gara honetatik ere», erran du elkarteko lehendakariak.

Bestalde, Euskal Herriko ikastolen alde eta Euskal Herrirako hezkuntza sistema propio baten alde aurten atera dituzten Tanta txartelak eskuratu nahi dituzten guztiongana iritsi ahal izateko, txartelaren truke egingo den 60.000 euroren zozketa eguna atzeratu egin dutela jakinarazi du. Ekainaren 25ean egin beharrean, urriaren 21ean egingo dute zozketa, notario aurrean.

 

 

NAIZ
Loading player...


Koronabirusaren krisiak kaltetutako taldeei laguntza ekonomikoa eman eta euskal musikaren industria babestu eta kulturari egiten dion ekarpena balioan jarri nahi du NAIZ Kontzertuak ekimenak.

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.