Haritz Larrañaga

Mugikortasun jasangarria bultzatzeko eskaria luzatu diete auzapez berriei Baionan

Hautatuak izan diren auzapez berriei mugikortasun jasangarria bultza dezaten eskatu zieten Baionan bizikletan ibiltzeko eraiki duten bide berria estreinatu zuten 460 txirrindulariek. Biarritz-Angelu-Baiona ingurunean bizikleta plan bat sustatzeko helburuarekin bilkura batera deitu dituzte auzapezak eta Mugikortasun Sindikatuko lehendakaria.

Lau multzotan bide berriak estreinatu ostean Baionako merkatu plazan elkartu ziren txirrindulariak. (BIZI!)
Lau multzotan bide berriak estreinatu ostean Baionako merkatu plazan elkartu ziren txirrindulariak. (BIZI!)

Bizi! eta Txirrind'Ola elkarteek deituta 460 txirrindulari elkartu ziren igandean Baionan, BAB etorbidean egin berri duten bizikletan ibiltzeko bidea estreinatu, eta, aldi berean, auzapez berriei mugikortasun jasangarria bultza dezatela eskatzeko.

Bestalde, elkarteen eta udaletxeko ordezkarien arteko elkarlana hobeto koordinatzeko asmoarekin, datorren irailean bilkura bat egiteko deialdia luzatu diete bi elkarteek BABko auzapezei eta uztailaren 17an hautatua izango den mugikortasun sindikatuko lehendakari berriari.

Baionako Paulmy etorbidean eraiki duten «bi norabideetako bizikleta bide berria mobilizazio eta aldarrikapenen fruitua» dela nabarmendu zuten ekimenaren antolatzaileek. Lau multzotan bananduta bizikleta bide berriak ezagutzeko itzuli bat egin ostean Errepublika plazan elkartu ziren guztiak eta handik Baionako Merkatu atarian dagoen plazara abiatu ziren elkarrekin, «Mundu berriari ireki bideak» goiburua zuen pankarta batekin.

Mugikortasun jasangarria

Bizi! elkarteko Teresa Gonzalez hautatuak izan diren auzapezei zuzendu zitzaien. «BAB eta Ipar Esukal Herriko auzapez berriek behar diren neurri guztiak hartu behar dituzte datorren kargualdian, gure herri eta hirietan, karbono gabeko mugikortasun seguruaren aldeko iraultzan parte hartzeko», galdegin zien Gonzalezek, eta zera gaineratu zuen: «Datozen belaunaldiek arriskua dute gaur egun geldirik egon izana garesti ordaintzeko, eta hori ez digute barkatuko!».

Txirrind'Ola elkarteko kide den Beñat Blazquezek, ostera, bizikleta plan «anbiziotsu eta koherente bat» plantan ezartzeko lanean ari direla jakinarazi zuen, modu horretan herritarrek «BABn gaindi joan-etorriak egiteko molde gisa bizikleta hatuatzeko aukera izan dezaten».

2010ean AUDAP enpresak egin zuen inkesta baten arabera, BAB inguruko biztanleek autoz egiten dituzten bidaien %44an hiru kilometro baino gutxiagoko distantziak egiten dituzte. Horregatik, bizikletaren erabilera bultzatu eta bizikletan ibiltzeko erraztasunak eskaini behar direla adierazi zuen Blazquezek.