Lakuako Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez, Ertzaintzako Pertsonen Aurkako Delituen arloko kideek zehaztu dute hamar dei horietako batzuk Txiletik eginikoak izan zirela.
Halako deirik jasotzekotan, lasai egoteko eta bahiketaren ustezko biktimaren benetako egoera zein den baieztatzen saiatzeko gomendioa egin dute Segurtasun Saileko adituek.
Normalean, telefono finkoen titularrei egiten zaizkie deiak, eta pertsona anonimo batek semea edo alaba bahituta dutela esaten diote, hura askatzearen truke 10.000 euroko erreskatea eskatuz. Ertzaintzaren arabera, «familiak beldurtzen» saiatzen dira, haiengan «nahasmena eta larritasuna» sortu nahian. Hainbat dei Txilen dagoen telefono batetik egin izanak ikertzaileei pentsarazten die «dei olde berri» baten aurrean egon daitezkeela, aurretik gertatu izan den bezala.
Nabarmendu dute oso garrantzitsua dela horrelako deien aurrean bahiketaren ustezko biktima une horretan egon beharko lukeen tokian dagoela egiaztatzea.
«Izuak egoera aztertzeko eta zentzuz jokatzeko gaitasuna ez blokeatzea funtsezkoa da. Kontuan hartu behar dugu egoera ez dela erreala eta iruzurra izan daitekeela», ohartarazi du Ertzaintzak.
Era berean, eskatutako zenbatekoa ez ordaintzea eta berehala Poliziari jakinaraztea gomendatu dute.
Segurtasun Sailak gaineratu du beharrezkoa dela kontuan izatea «ustez bahitua izan den pertsonarekin harremanetan jartzeko ezintasuna estaldurarik gabeko eremu batean egoteagatik edo telefono mugikorra piztuta ez edukitzeagatik» izan daitekeela, besteak beste, zinemak, unibertsitatean edo ikastetxean egon daitekeelako.