MARTXELO DIAZ

Siemens-Gamesako langileek Agoizko faktoriatik Iruñerako bidea oinez egin dute

Goizaldeko hiruretan Agoizko Siemens-Gamesa faktoriatik abiatu dira kaleratuak izateko arriskuan diren langileak. Goizeko hamarrak pasata Iruñera heldu dira. Zehazki, Nafarroako Parlamentuaren atarira. Ganbaran, Manu Ayerdi Nafarroako Gobernuko kontseilariak Agoitzerako «alternatiben bila» dabiltzala onartu du.

Agoizko Siemens-Gamesako langileak Iruñeko kaleetan. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)
Agoizko Siemens-Gamesako langileak Iruñeko kaleetan. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Siemens-Gamesako langileak Agoiztik Iruñerako bidea oinez egin dute. Goizaldeko hiruretan abiatu dira lantegiaren ataritik Nafarroako Parlamentuaren atarira hamarrak pasata heltzeko. Hamaiketan, Ganbaran Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarial arlo kontseilari Manu Ayerdik agerraldia egin du eta Agoitzerako «alternatiben bila» dabiltzala onartu du.

«Martxa hunkigarria izan da, elkarri besarkada eman eta jende askoren babesa jasotzeko». Hala laburbildu dute Agoizko Siemens Gamesako langileek bart gauean hasitako martxa zer izan den haientzat.

Enpresa batzordeko buru Alfonso Poyok esan duenez, martxaren helburua Ayerdiri «afera konpontzeko bere eskuetan zegoen guztia egiteko prest zegoela esan zuela gogoratzea» da.

Siemens-Gamesako agintari nagusi Andreas Nauenek Bilboko akzionisten batzarrean Agoizko faktoria ixtea ezinbestekoa dela esan zuen. Horrela erantzun dio Poyok: «Borondate kontua da. Deslokalizazio argi eta garbi batekin egin dugu topo. Beste herrialde batera eramaten dute ekoizpena langileen kostua merkeagoa dela. Eta hori, Gobernuaren partetik dirulaguntzak jaso eta gero».

«2021erako genituen enkargua ez ditugu guk egingo. Tangerren edo Portugalen egingo dituzte. Oso itsusia da egiten ari direna», gaineratu du Poyok.

Izan ere, euren lanpostuen defentsan eta Agoitz buru duen eskualdean jarduera ekonomikoaren mantentzearen alde jo eta fuego ari dira Siemens-Gamesako langileak. Greba egunak burutzen ari dira eta atzo multinazionalak Bilbon egin zuen akziodunen bileran ere izan ziren.

Larunbaterako, Agoitzen beste manifestazio batera deitu dute. Aldez aurretik, Iruñean ere beste bat egin zuten.

Siemens-Gamesako langileen mobilizazioek sostengu zabala jaso dute Nafarroan. Alderdi guztiek, adibidez, euren sostengua adierazi diete.

Ildo honetan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak bat egin du Agoizko langileek deitu dituzten mobilizazioekin. Gauzak horrela, gaur hamarretan Nafarroako Parlamentuko atarian egingo den elkarretaratzera joateko deia egin du. «Nafarroako hainbat eragile sozial eta sindikalek osatutako Nafarroako Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik, funtsezkoa deritzogu sindikatuen eta gizartearen bateratzeari, bultzada eta aktibazio sozialari, erabaki bidegabe eta kausarik gabeko honi buelta emateko, hala nola 239 langile langabeziara bidaltzeko erabakiari, enpresaren diru-goseak bakarrik eragindakoa», azaldu du.

«Iragan uztailaren 11ko mobilizazio jendetsuak agerian utzi du egoera honi buelta emateko dugun indar eta gaitasun kolektiboa. Beraz, funtsezkoa da babesak batzen jarraitzea eta mobilizatzen jarraitzea, lortu arte. Nafarroako Gobernuak modu eraginkorrean bermatu behar du enplegua eta Siemens Gamesak bere erabakia zuzendu», gaineratu du.

Ayerdi: «Alternatiben bila»

Parlamentuan Ayerdik azaldu duenez, Nafarroako Gobernuarentzat Agoizko faktoria irekita mantentzea «erabateko lehen aukera» da. Halere, beste alternatibak aztertzen ari direla onartu du, eskualdea berrindustrializatzeko helburuarekin. Navarra Suma eta EH Bildu talde parlamentarioek eskatu zuten Ayerdiren agerraldia.

Kontseilariaren arabera, alternatiba hauen artean haizerroten palak birziklatzeko egitasmoa bat martxan jartzea, Siemens-Gamesaren partehartzerik gabe palak ekoizten jarraitzea edo transizioa energetikoaren energetikoaren arloan multinazional honek Nafarroan inbertsio berriak egitea daude.

«Proiektu hauek enplegu gehiago edo gutxiago sortu ditzatekete, hautatzen den aukeraren ezaugarrien arabera», gaineratu du Ayerdik.

Dena den, kontseilariak argi eta garbi utzi du Nafarroako Gobernuak ezin duela ezer egin Siemens-Gamesaren erabakia alda arazteko. «Bere jarrera aldatzeko konbentzitzea da dugun aukera bakarra», bota du.

Lanpostuak Le Havren

Agoizko faktoria ixten duen bitartean, Siemens-Gamesako zuzendaritzak enplegu berriak eskeintzen ari da Estatu frantseseko Le Havre hirian. Zehazki, etorkizunean «off-shore» haizerrotak ekoizteko altxatuko den fabrikan aritzeko dira lanpostu hauek.